Munduko Paisaiak egitasmoaren barruan, Gernika-Lumoko Udal liburutegiak Txina ezagutzeko aukera emango du, astelehenetik aurrera. Aurten, laugarrenez antolatuko dute Munduko Paisaiak ekimena, eta, aurrekoetan bezala, esperientzia aberasgarria izatea espero dute liburutegiko beharginek. Orain arte egindako saioetan, Errumania, Sahara eta Bolivia ezagutarazi ditu liburutegiak.
Europako, Afrikako eta Hego Amerikako herrialde horien ostean, oraingoan Asiara egingo dute salto gernikarrek. Liburutegiko beharginek azaldu dutenez, “Gernika-Lumon txinatar jatorriko hainbat bizilagun daude, eta herrialde hori ezagutaraztea oso garrantzitsua dela deritzogu”. Jakinarazi dutenez, herrialde ezezaguna eta erakargarria da Txina.
Asiako estatu hori ezagutarazteaz gain, elkarbizitzarako zubiak eraikitzea ere bada liburutegiaren helburuetako bat. “Txinatarrak gutxi ikusten ditugu kaletik, baina errealitate bat da berton bizi direla”. Hala, horiekin harremantzea oso onuragarri izango litzatekela deritzote liburutegiko beharginek.
Jarduerak astelehenetik aurrera
Astelehenetik hilaren 28ra, Txinako literatura, zinema, eta musika lanei buruzko erakusketa bat jarriko dute liburutegian bertan. Erakusketako lanak, gainera, udal liburutegiaren jabetzakoak izango dira aurrerantzean. Hala, sormen lan horiek etxera eraman ahal izango dituzte interesatuek.
Eguaztenean, bestalde, txinatar gastronomiari buruzko sukaldaritza tailerra antolatu du liburutegiak. Astran izango da, eta barikura arte eman dezakete izena interesatuek.
Munduko Paisaiak egitasmoko egitaraua hilaren 28an amaituko da. Hain zuzen, 18:00etan ipuin kontalari bat izango da liburutegian, eta 19:00etan Tai Chi erakustaldia egingo dute Foru plazan. Liburutegiko beharginek parte hartzeko deia egin dute.