Publikoari krausk egiteko prest
Kraussk taldeak jendea harrituta utzi du estudioko lehen lanarekin. Harrera eta kritika onak jaso ditu Mutrikun bertan ekoiztutako 'Gudaberria' diskoarekin.Kraussk taldeak lan berria kaleratu du. 2011n Kraussk maketa kaleratu eta gero, Gudaberria lanar...
Kraussk taldeak jendea harrituta utzi du estudioko lehen lanarekin. Harrera eta kritika onak jaso ditu Mutrikun bertan ekoiztutako ‘Gudaberria’ diskoarekin.
Kraussk taldeak lan berria kaleratu du. 2011n Kraussk maketa kaleratu eta gero, Gudaberria lanarekin Euskal Herriko oholtza guztiak zapaltzeko indarberrituta datoz Mutrikuko metal taldeko Aritz Collazo, Jon Antxustegi, Ibon Aginaga, Aritz Larrea eta Beñat Perales.Hiru urte pasatu dira Krausskek maketa grabatu zuenetik, hiru urte zuzenean jotzen. «Kontzertuetako materiala batu, eta diskoa egin behar genuela erabaki genuen. Material horrek zuzenekoan baino moldaketa gehiago behar zituela ikusi dugu», azaldu du Jon Antxustegi baxujoleak.
%100 mutrikuarra
Aurreko maketa baino lan landuagoa eta helduagoa dela azpimarratu dute mutrikuarrek. Lan guztia sortu eta ekoizteko denbora gehiago hartu dute oraingoan. Diskoa %100ean mutrikuarra da. Hantxe diseinatu eta ekoiztu dute. Bideoklipla ere Mutriku eta inguruetan grabatu dute.
Estudioko lehen diskoa Mutrikuko AME estudioan grabatu dute, Axular Arizmendirekin. Lana AME estudioetan grabatzea «plazer handi handia» izan dela nabarmendu dute taldeko kideek. «Beharbada, beste estudio batera joanez gero, lan honek ez zuen irtengo. Hurbiltasun horrek asko lagundu digu».
Grabaketa lanak ez ziren bat ere errazak izan Beñat Perales ahotsarentzat. «Zuzenean abestera ohituta gaude. Nahikoa hotza eta arrotza egin zitzaidan entzungailu batzuetatik musika entzun eta kantatzen hastea. Poliki-poliki ohitzen joan nintzen eta motibatzen, baina hasiera batean kostatu egin zitzaidan».
Bestalde, diskoan Anari kantariaren parte hartze berezia izan dute. Diskoko Eten azken kantan abestu du Beñat Peralesekin batera. Eten kanta Kraussk estilotik zerbait aldentzen dela diote taldekideek, baina abestia egin zutenean, Anarik abesteko moduko aproposa zela iruditu zitzaien. «Bere estilora hurbiltzen zela iruditzen zitzaigun, beti ere, gure estilotik gehiegi urrundu gabe. Gauza askotan Anari gogora ekartzen zigun kantak. Berak abestea polita izango zela pentsatu genuen».
Anariren parte hartzea
Esan eta egin. Taldekide bi Anariren kontzertu batera joan ziren proiektuan parte hartzeko proposatzera, eta kantari azkoitiarrak onartu.
Anarirekin lan egitea «oso esperientzia polita» izan dela adierazi dute. «Kantu horretan kontrastea lortu nahi genuen, eta lortu dugula uste dugu», azaldu du Ibon Aginagak.
Kantua hiru zatitan banatuta dagoela azaldu du Beñat Perales taldeko ahotsak. «Ni hasten naiz, oso gogor. Gero errepikapen zati bat dago. Tarte horretan Anarik lasai-lasai kantatzen du, eta azken zatian duo antzerako bat egiten dugu. Ni aurretik eta bera atzetik, eta gero alderantziz abesten dugu».
Horrez gain, diskoan desberdina suertatu daitekeen beste kanta bat ere badela diote taldeko kideek. «Disko osoan egurra ematen dugu, eta erdian, zati instrumental bat sartu dugu». Kraussk taldekoak bat datoz esatean kanta bi haiek diskoari berezitasuna ematen diotela.
Orokorrean gai asko ikutzen dituzte Kraussk taldearen hitzek. Batez ere, kritika soziala egiten dute, beti ere gazteen ikuspuntutik: etxe kaleratzeak, sexua, identitatea, natura… hainbeste gai jorratzen dituzte abestietan. «Horien artean bereziena Piztiaren krausskada da. Gure autobiografia modukoa da. Zuzenera irteten dugunean sentitzen duguna kontatzen dugu. Kantu horrekin esker ona eskaini nahiko genioke gure publikoari», adierazi dute taldekideek.
Ibon Aginagak eta Aitzol Larreak musika konposatzen dute, eta Aritz Collazok eta Jon Antxustegik, hitzak jarri. «Musika aldetik ideiak ekartzen ditugu entseguetara, eta ideia horiek aintzakotzat hartuz, denon artean, abestiei forma ematen joaten gara», azaldu du Ibon Aginagak.
Lana plazaratzeko gogoz
Diskoa estreinatu berri dute, eta taldekideak pozik daude izan duen ongietorriarekin. Bilborock moduko lehiaketa baten, esate baterako, 122 parte hartzaileen artean lehen hamarren artean sailkatu dira. Finalera ez dira pasatu, baina Bilborock moduko plaza batean kontzertua ematea «ohorea» izan dela diote.
Bilborock-en parte hartzea esperientzia «ona eta aberasgarria» izan dela diote. Beste publiko mota bat ezagutzeko aukera eduki dute, eta esperientzia horretatik asko ikasi dute.
Jende asko harrituta utzi dute estudioko lehen lanarekin. Badaude horren adibideak. Izan ere, harrera eta kritika oso onak jaso ditu metal munduko aldizkari espezializatuetan. «Mutriku moduko herri txiki bateko talde bat izanda, ez genuen horrelako oihartzuna edukitzea espero», nabarmendu dute.
Era berean, Gudatour birarekin hara eta hona jarraitzen dute. Esaten duten modura, oholtza gainean sentitzen dira gusturen, «gehien gustatzen zaiena egiten». Gustura ari dira kontzertuak ematen. «Guri gehien kontzertuak ematea gustatzen zaigu, lokal txiki batean izerditan kontzertuak ematen aritzea», dio Antxustegik.
Anariren parte hartzea
Durangoko azokan ere aurkeztuko dute disko berria. Eta ez hori bakarrik: zuzenean entzuteko aukera egongo da, Ahotsenean, abenduaren 8an, 11:40ean. Horra metal musikazaleek agendan ondo apuntatu beharreko datua. Beste alde batetik, arreta pertsonalizatuagoa nahi dutenek Maukako musikagintzako txokoan aurkituko dituzte, diskoak sinatzen.
Disko berriarekin batera, Bizi bideoklipa ere estreinatu dute. Duela bost aste estreinatu zuten, eta denbora labur honetan Lander Andonegi mutrikuarrak zuzendutako bideoklipak 1.800 ikustaldi baino gehiago eduki ditu. Bideokliparen kritika oso onak jaso dituzte.
Eta pozik daude lortu duten emaitzarekin. Orain, publikoaren aurrean dena emateko prest dago Mutrikuko metal boskotea. «Zuzenekoa da gurea. Gure musika ezagutzeko modurik onena horixe da, zuzenekoetara etortzea».