Erasoei erantzun bateratua emateko deia egin du Bilgune Feministak
Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko hainbat herritan emakumeenganako indarkeria gaitzesteko ekimen eta protestak egingo dituzte, azaroaren 25a dela etaEmakumeen kontrako indarkeriaren aurkako eguna dugu azaroaren 25a, eta Euskal Herriko Bilgune Femi...
Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko hainbat herritan emakumeenganako indarkeria gaitzesteko ekimen eta protestak egingo dituzte, azaroaren 25a dela eta
Emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako eguna dugu azaroaren 25a, eta Euskal Herriko Bilgune Feministak erasoei aurre egiten jarraitzeko beharraz ohartarazi du. Autodefentsa feministaz lehertu! du goiburu kaleratu duen irakurketak, eta zapalkuntza patriarkalaren aurrean engranaje guztiak lehertzeko beharra azaleratu du. Hori dela eta, erasoei kolektiboki erantzuteko beharra dagoela dio Bilgune Feministak, eta, bide hori elkarrekin egiteko deia egin du.2014an Euskal Herrian, indarkeria sexistak dagoeneko hiru emakume hil dituela salatu dute, eta aurten, indarkeria adierazpen ezberdinak sostengatzen dituen sistema eta makineria seinalatu nahi dute. Diotenez, krisiaren izenean, neoliberalismoa birsortzea dute helburu egiturazko erreforma eta murrizketek, eta «emakume zaintzailea eta familia heteropatriarkalaren indartzea bultzatzen dute, generoaren araberako lan banaketan eta emakumeen bizi baldintzen prekarizazioan sakonduz».
Komunikabide, kontsumo zirkuituen publizitate edota hezkuntza aparailuetatik feminitate eta maskulinitate estereotipoak zabaltzen direla diote. Eta hor dago, Bilgune Feministaren arabera, indarkeria matxistaren muina. «Komunikabide zein instituzioek emakumeen aurkako indarkeria sexistaz egiten den tratamendua estereotipatua eta sinplifikatua dela deritzogu».
Gaitzespena, modu askotan
Bilgune Feministak irmoki adierazi du emakumeak ez direla biktimak, ezta subjektu pasiboak, eta ez direla instituzioetatik bultzatzen dituzten neurri asistentzialistekin konformatzen.
Udalek ere adierazpen instituzionala onartu dute, eta hainbat herritan kalera aterako dira martitzenean. Aurreko eta osteko egunetan ere emakumeen kontrako indarkeria gaitzesteko hainbat ekitaldi izango dira. Elkarretaratzeak bakarrik ez, tailerrak, mahai-inguruak, zine emanaldiak… antolatu dituzte.
Etxe, balkoi, eraikin, bulego eta ikusgarri diren lekuetan puntu morea jartzeko deia egin dute erakunde publikoek; Lekeitioko ikastetxeetan, gainera, globo eta begizta moreak banatuko dituzte martitzenean. Era berean, aipatzekoa da hilaren 29an, Euskal Zine eta Bideo Bileran, genero ikuspegia hoberen jorratzen duen lana sarituko dutela, Antzar Moreagaz.
Gernika-Lumon, Beldur Barik lehiaketaren sari lokalak emango dituzte martitzenean; eta Nabarnizen, indarkeria matxista eta teknologia berriei buruz ariko dira herriko gazteekin. Azaroaren 30ean izango da, 18:00etan batuko dira, udaletxe zaharrean.