Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren lehen finalaurrekoa jokatuko da etzi
Etxebarriko frontoian izango da saioa, 17:30etik aurrera. Sarrerak salgai daude 'www. bertsosarrerak.eu' orrialdean. Kontzertuak egongo dira gaueanZapatuan jokatuko da Etxebarrian Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren lehenengo finalaurrekoa. Herriko front...
Etxebarriko frontoian izango da saioa, 17:30etik aurrera. Sarrerak salgai daude ‘www. bertsosarrerak.eu’ orrialdean. Kontzertuak egongo dira gauean
Zapatuan jokatuko da Etxebarrian Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren lehenengo finalaurrekoa. Herriko frontoian izango da saioa, 17:30ean. Eneko Abasolo Txabarri, Fredi Paia Ruiz, Miren Amuriza Plaza eta Lea-Artibai eta Busturialdeko hiru bertsolari igoko dira frontoiko oholtza gainera: Ander Elortegi Garatea gernikarra, Iratxe Ibarra Foruria markina-xemeindarra eta Etxebarriko Joseba Artza Zubillaga.Bizkaiko Bertsozale Elkartekoek jakitera eman dutenez, saioko irabazlea zuzenean sailkatuko da abenduaren 20an Miribillan jokatuko den Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalera, eta besteak puntuazioen arabera edukiko dute horretarako aukera.
Kantatuko duten bertsolarietatik, Fredi Paia, Iratxe Ibarra eta Miren Amuriza 2012ko finalista izateagatik zuzenean egon dira finalaurrekoetarako sailkatuta. Beraz, zapatuan hasiko da eurentzat Bizkaiko Txapelketa. Bestetik, Eneko Abasolo Abarkas Mungiako saioa irabazita sailkatu da Etxebarriko saiora. Ander Elortegi eta Joseba Artza, berriz, puntuazioz sailkatu dira finalaurrekoetara.
Epaimahaia
Gai emaile Bernar Mandaluniz Plaza ariko da Etxebarrian. Epaimahaian, ostera, Iñaki Aurrekoetxea Arkotxa, Mirari Azula Aurrekoetxea, Jurgi Fuentes Goikoetxea, Jon Jaio Aiartzaguena, Joseba Santxo Uriarte eta Ander Txakartegi Basterretxea egongo dira; idazkari Itziar Basterretxea Olarreaga ariko da.
Finalaurrekoetan kanporaketetan baino ariketa bat gehiago egin beharko dute bertsolariek. Hurrengoak izango dira bertsolariek egin beharreko lanak: Zortziko nagusian ofiziotan hiruna bertso, Zortziko txikian ofiziotan hiruna bertso, Hamarreko txikian ofiziotan hiruna bertso eta kartzelako lana: puntua emanda, bertso bi zortziko txikian, eta gai bati buruz bertso bi doinu eta neurri librean.
Kontzertuak
Etxebarriko saiora joateko sarrerak erosteko bide desberdinak daude. Alde batetik, www.bertsosarrerak.eu webgunean eskura daitezke. Bestalde, egunean bertan ere erosi ahal izango dira sarrerak txarteldegian. 16:00etan zabalduko dute.
Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalaurrekoa herrian izanik, kontzertuak antolatu ditu Etxebarriko Gazte Asanbladak. Hiru taldek joko dute 22:30ean hasita: Bi Bala taldeak, Arrakalak eta Ezten Girok. Frontoian bertan ogitartekoak afaltzeko aukera egongo dela jakitera eman dute gazte asanbladakoek. Taberna zabalik egongo da.