Bermeo eta saihesbidea lotzeko bidea egiteko prest agertu da aldundia
Bermeoko Udalak, lehenengo, beharrezkoak diren lurrak jarri beharko ditu aldundiaren esku. Bermeoko EAJk gobernu taldeak kudeaketan daraman atzerapena kritikatu duMartitzeneko Gobernu Kontseiluaren bileraren osteko agerraldian Unai Rementeria foru aldu...
Bermeoko Udalak, lehenengo, beharrezkoak diren lurrak jarri beharko ditu aldundiaren esku. Bermeoko EAJk gobernu taldeak kudeaketan daraman atzerapena kritikatu du
Martitzeneko Gobernu Kontseiluaren bileraren osteko agerraldian Unai Rementeria foru aldundiko bozeramaileak azaldu zuenez, Bizkaiko Foru Aldundia Bermeoko saihesbidea eta herrigunea lotzeko bidea egiteko prest dago: «Nahiz eta eskumena Bermeoko Udalarena den, aldundiak eraikiko luke errepide hori». Errepide hori egiten hasteko, baina, «Bermeoko Udalak bide hori egiteko beharrezkoak diren lurrak egun pribatuak aldundiaren esku jarri beharko ditu», esan zuen Rementeriak.Bestalde, jakinarazi duenez, Herri Lan Saila bide berri hori izan litekeenaren zirriborro bat egiten ari da, «hemendik gutxira» Bermeoko Udalari bidaliko diotena.
Atzerapena kritikatu
Bermeoko Eusko Alderdi Jeltzaleak (EAJ) udal gobernu taldeak gai horretan daraman atzerapena kritikatu du: «Udalak bederatzi hilabeteko atzerapena darama lurrak kudeatzeko gaiari dagokionez». Jeltzaleen arabera, 2014ko martxoan, «udal arkitektoak gaiari buruz egindako txostena aztertu ostean», gobernu taldeari eskatu zioten «aurrekontuetan horretarako diru kopuru jakin bat gordetzea eta errepartzelazio proiektua abiaraztea». Era berean, exekuzio unitate horietako lur jabeekin harremanetan jartzeko eskaria ere egin ziotela gaineratu dute: «Zoritxarrez, udalaren borondate faltaren ondorioz, lan horiek guztiak oraindik egin barik daude».
Bizkaiko Foru Aldundiak egindako eskaeraren ostean, Bermeoko EAJk berriz eskatu dio gobernu taldeari errepartzelazio proiektuagaz hastea eta lur jabeekin beharrezkoak diren kudeaketak egiten hastea. «Espero dugu oraingoan udalak bere ardurak hartzea, kudeatzen hastea eta proiektu honi dagokion lehentasuna ematea».
Artike bidea itxita etzi
Bestalde, saihesbideko lanak direla eta, Artike bidea kalea, Irastorza lantegitik aurrera, zirkulaziora moztu beharko dute etzi 07:00etatik eta lanak amaitu arte. Artikeko biaduktua egiteko hormigoizko habeak eramango dituzten garraio bereziak ibiliko direla zehaztu dute. Datozen asteetan beste bi egunetan moztu beharko dute zirkulazioa gune horretan; hala ere, oraindik egun horiek ezin dituztela zehaztu azaldu dute udal ordezkariek.