Ziegetako bizipenei so
Preso eta iheslariek bizi duten errealitatea gizarteratzeko asmoz egin dute Gernika-Lumoko Astran Denak ala inor ez ekimena. Orokorrean, Busturialdeko gazteek gaiarekiko interesa badutela diote antolatzaileek.Aurrera begira ere, euskal preso politikoen...
Preso eta iheslariek bizi duten errealitatea gizarteratzeko asmoz egin dute Gernika-Lumoko Astran Denak ala inor ez ekimena. Orokorrean, Busturialdeko gazteek gaiarekiko interesa badutela diote antolatzaileek.
Aurrera begira ere, euskal preso politikoen eta iheslarien egoera azaleratzeko jarduerak egitearen beharra ikusi dute Denak ala inor ez ekimenaren antolatzaileek. Errealitate hori Busturialdeko gazteei erakutsi gura izan diete, barikuan eta zapatuan Gernika-Lumoko Astra kulturarako fabrika sozialean egin dituzten jardunaldiekin.Torturari eta Istanbulgo protokoloari buruzko berbaldiagaz hasi zuten asteburuko egitaraua, eta 60 lagun inguru batu zirela azaldu dute antolatzaileek. «Zapatu goizean ez zen hainbeste jende etorri Astrara; hala ere, han egon zirenak gustura egon ziren, bai Jokin Urainen berbaldian zein preso ohiekin egindako tailerretan».
Kartzelan zirela bizimodua nola antolatzen zuten eta beharrizanei aurre nola egin behar zieten kontatu zuten Astran bildu ziren zenbait preso ohik. Haietako batek, esaterako, Frantziako kartzeletan jatekoa berotzeko fabrikatu behar zituzten gailuak nola egiten zituzten kontatu zuen. Haiekin batera, 15-20 bat lagunek parte hartu zuten tailerretan.
Gazte, nagusi zein ume
Bazkaldu ere Astran egin zuten eskualdeko hainbat gaztek: «30 lagun inguruk». Eta gaztetxo eta umeek ere gozatzeko aukera izan zuten arratsaldean, Enaitz ipuin kontalari abenturazaleagaz.
Ostean, presoen senideek familiakoren bat edo bikotea kartzelan izateak zer suposatzen duen azaldu zieten Astran bildutakoei. «Eta eskualdeko gazteek antzeztutako parodiak kartzelan izateak sor ditzakeen egoera ezberdinak erakutsi zituen». K-art Zelda izeneko antzezlana ikusteko jende asko batu zen, eta Ross akademiakoek ere parte hartu zuten, dantza saioa eginez.
Parte hartze zabala
Gaiari buruz jendeak interesa izan baduela azaldu dute antolatzaileek, eta hori erakutsi dutela asteburuko jardunaldietan. «Gutunak idazteko txokoan ere jende asko ibili zen; guztira, presoei zuzendutako 30 gutun batu ditugu».
Elkartasun kontzertuekin amaitu zen asteburuko egitaraua: «Kontzertuetan ez zen egunean beste jenderik egon. Hala eta guztiz ere, balorazio ona egiten dugu. Izan ere, barikuan eta zapatuan antolatutako ekimenetan parte hartzea zabala izan da».