Umeen arteko gatazkei buruz ariko dira gaur, Ikusgarri aretoan
Lekeitioko Eskolak antolatuta, Maite Garaigordobil psikologian adituaren hitzaldia egongo da gaur, 18:00etatik 20:00etara, Ikusgarri aretoan. Umeen arteko gatazkak zelan bideratu azalduko du psikologoak Berdinen arteko indarkeria: analisia, prebentzio...
Hitzaldia gaian interesa duten guztiei zabalik dagoela jakitera eman dute antolatzaileek. «Maite Garaigordobil bezalako aditu baten gomendioak askori interasatu ahal zaizkio» azaldu dute.
Izen handiko psikologoa
EHUko Psikologia Fakultatean 20 urtean da irakasle Maite Garaigordobilek; beste hainbeste urte daramatza jolas kooperatiboen munduan murgildurik. 1992. urtean aurkeztu zuen gai horren inguruko doktorego tesia, eta urte bi beranduago EHUk doktorego tesiei ematen dien sari berezia jaso zuen bere lanak izan zuen eragin sozialagatik eta zabalpenagatik.
Geroztik, sormenezko jolas kooperatiboak garatzeko hainbat programa landu ditu Garaigordobilek, eta horiek ere sariak eta aipamenak jaso dituzte: 8-10 urteko haurrentzako programak Hezkuntza eta Kultura Ministeritzak ematen duen Ikerketa eta Berrikuntza Pedagogikoko Sari Nazionaleko 1. saria jaso zuen, eta nerabeen programak, berriz, 3. saria.