Bilketa solidarioak jarriko dituzte martxan bertoko herrietan
Urtero legez, Gabonetara begira, bilketa solidarioak jarriko dituzte martxan Lea-Artibai eta Busturialdean. Hain zuzen, Busturiko Euskadiko Biodibertsitate Zentro-Madariaga Dorretxean eta Ispasterren egingo dituzte bilketok.Iaz herritarrek erakutsitak...
Iaz herritarrek erakutsitako elkartasuna kontuan hartuta, Ispasterren gaur bertan hasiko dira biltzen janari, arropa eta jostailuak. Hain zuzen, Iñigo Egiluz aretoan batuko dituzte gauzok, eta horretarako azken eguna abenduaren 10a izango dute herritarrek; eguaztenero, 17:30etik 19:00etara egingo dute bilketa. Domeketan, berriz, Ispasterko elizan bilduko dituzte elikagai, arropa eta jostailuak, mezaren ostean.
Euskadiko Bidoibertsitate Zentroan, berriz, zapatuan hasiko dira bilketagaz, eta abenduaren 30ean bukatuko dute. Aurten, hala ere, arropa eta jostailuak soilik batuko dituztela jakinarazi dute.
Oraingoan ere, Madariaga Dorretxearen asmoa «kolektibo behardunekiko solidaritatea adieraztea eta batzuentzat jada erabilgarriak ez diren materialak birziklatzea da». Hala, erabilitako arropez eta gainontzeko jostailuez irabazi-asmorik bako Rezikleta-Koopera elkartea arduratuko dela azaldu dute. «Elkarte horrek edozein motatako gizarte bazterketa pairatzen duten pertsona eta kolektiboen gizarteratzea sustatzea du helburu; betiere, ingurumenaren defentsaren alde eginez».
Bilketa solidario horren inguruko informazio gehiago nahi duenak 94-687 04 02 telefono zenbakira deitu edota info@torremadariaga.org helbidera mezua bidali beharko du.
Gernika-Lumon eta Bermeon, bestalde, supermerkatuetan ari dira batzen elikagaiak, Bizkaiko Elikagaien Bankurako. Hain zuzen, hilaren 28an eta 29an batuko dituzte bertan herritarrek utzitakoak. Horretarako, Gernika-Lumon boluntario bila dabiltza. Interesa duenak 900 840 204 telefonora deitu beharko du.