Zubikarairen omenez
'Arranondo' aldizkariaren 287. zenbaki berezia bere sortzaileari eskaini diote, bere jaiotzaren 100. urteurrena dela eta. Aldizkariak haren bizitzako hainbat pasadizo jasotzen dituEguen iluntzean Ondarroako Arranondo aldizkariaren 287. zenbakia aurkezt...
‘Arranondo’ aldizkariaren 287. zenbaki berezia bere sortzaileari eskaini diote, bere jaiotzaren 100. urteurrena dela eta. Aldizkariak haren bizitzako hainbat pasadizo jasotzen ditu
Eguen iluntzean Ondarroako Arranondo aldizkariaren 287. zenbakia aurkeztu zuten Kofradia Zaharrean. Hain zuzen ere, orain 24 urte Augustin Zubikarai Bedialaunetak sortu zuen, eta azaroan haren jaiotzaren 100 urte bete direla eta, aldizkariak omenaldi berezi bat egin nahi izan zion zenbaki bereziagaz.Kofradia Zaharreko aretoa bete-bete egin zen Arronondoren azken zenbakiaren aurkezpen saioan.
Aretora sartu orduko Arranondo kultur elkarteko kideek aldizkariaren azken aleak banatu zizkieten aurkezpenara agertu ziren guztiei, eta denek ikusmin handiagaz hartu zuten esku artean Augustin Zubikarai aldizkariaren sortzaileari eskainitako lana.
Kultur elkarteko kideek aurreratu zuten modura, Andres Urrutia Euskaltzainburuak eta Miren Josune Ariztondo Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputatuak aurkeztu zuten aldizkaria, Maria Dolores Etxano elkarteko kideagaz batera.
Bizitzako pasadizo ugari
Zenbaki berezian parte hartu zuten gainontzeko kolaboratzaileak ere aurkezpenean izan ziren, publikoaren artean jarrita.
«Augustini eskainitako zenbaki berezi honetan, hilero kolaboratzaile modura idazten dutenez gain, beste hainbeste lagunei parte hartzeko eskaini genien, zenbaki bat bere omenez egiteko. Oso zenbaki ederra da. Augustinen bizitzako gorabehera asko kontatzen ditu», nabarmendu zuen Etxanok.
Euskararen alde
Ariztondo, ostera, Zubikaraik egindako lan oparoari buruz berbetan aritu zen. Hark egindako behar guztia goraipatu eta bere garairako «idazle konprometitua» izan zela esan zuen. «Kulturan ez zuen laga ikutu eta sakondu gabeko arlorik». Andres Urrutiak, aldiz, 36ko gerra osteko «egoera latzetan» Zubikaraik euskararen alde behar handia egin zuela gogoratu zuen.