Merezimendu Saria lagunarteko giro onean
Denboraldiari amaiera emanez, urtero modura ekitaldi berezi-berezia prestatu zion bere lagunarteak Amets Txurruka txirrindulariari; umorez jositako ekimenek erantzun handia eduki zuten.Kirola eta umorea eskutik etorri dira beste urte batez Amets Txurru...
Denboraldiari amaiera emanez, urtero modura ekitaldi berezi-berezia prestatu zion bere lagunarteak Amets Txurruka txirrindulariari; umorez jositako ekimenek erantzun handia eduki zuten.
Kirola eta umorea eskutik etorri dira beste urte batez Amets Txurrukari bere lagunartiek antolatutako Merezimendu Sarian. Denboraldiari errepasoa egin eta merezitako saria eman zioten Etxebarriko txirrindulariari norgehiagoka bitxi eta gonbidatu berezien laguntzagaz. Ume eta gaztetxoen mendi bizikleta zirkuituagaz hasi zen zapatu arratsaldeko ospakizuna, eta sari banaketagaz amaitu. Espero modura, tarterako hainbat ezusteko zituen prest Amets Txurrukaren Lagunartiek.Adinaren arabera hiru taldetan banatuta, 30 ume inguruk hartu zuten parte Etxebarriko mendi bizikleta zirkuituan. Iru Bide aurreko landan prestatu zuten zirkuitua, eta Txurruka alboan zeukatela egin zuten ibilbidea gaztetxoek.
Ondoren, Amets Txurruka eta Txomin Arana moto gidariaren arteko dueloa espero zuten ikusleek, baina gonbidatu bereziak zituen Txurrukaren lagunarteak: Igor Astarloa txirrindularia eta Jabi Gorbea txirrindularitza irakasle eta zalea. Gorbeak bizikletaz egin zuen zirkuitua, Astarloak, berriz, motorrean.
Txurrukak eta Aranak hartu zuten gero txanda, eta estu ibili ziren norgehiagokan. Lehenengo bueltan Txurruka ibili zen aurretik, baina beste biak Aranak amaitu zituen lehenengo. Beraz, azkenean, Txomin Aranak irabazi zuen zirkuituko dema.
Uhagoneko lehia
Etxebarrikoa ez zen izan, baina, kirolari bientzat lagunarteak prestatuta zeukan norgehiagoka bakarra. Jantziak aldatu ostean, Markina-Xemeingo Uhagon kulturgunean elkartu ziren kirolari biak Txurrukaren lagun, jarraitzaile eta txirrindu zaleekin, eta euren aurrean ere egin behar izan zuten lehia nahikoa.
Kulturguneko tabernako aretoa jendez bete-bete egin zen, Chandal Records-en laguntzagaz Lagunarteak prest zeukan ekitaldia ikusteko. Txirrindularitzari lotutako umorez jositako bideoa eman zuten hasteko, eta ondoren igo ziren oholtzara protagonistak. Gonbidatua izanik, Txomin Aranaren aurkezpena egin zuten lehenengo, joan den urtean Ereñoko gazteak Dakarren izandako esperientziari buruzko bideo ikusgarri bategaz lagunduta.
Abenduan hasiko duen Dakar berriari buruzko galderak egin zizkion ondoren Josu Anitua Atote ekitaldiaren gidariak, eta gutxienez lehenengo urtean bezala ibili eta Dakarra amaitzea zuela helburu esan zuen Aranak.
Atrilen atzean jarri zituzten gero, Txurruka eta Arana, galdera-erantzun lehiaketa batean parte hartzeko. Txurrukaren omenaldira ligatzera joan zela esatera ez zen ausartu Ereñokoa, eta, beraz, berdinduta amaitu zuten bigarren norgehiagoka.
Protagonista nagusiaren txanda ailegatu zen ostean. Txurrukak aurten irabazi duen lasterketari buruzko bideo bat jarri zuten, baina ekitaldi osoko umo- reagaz jarraituz, Mikel Txurrukarena zen bideoa, anaiarena. Ondoren bai, Amets Txurrukari ailegatu zitzaion txanda, eta amaitu berri duen denboraldiaren errepasoa egin zuten.
Azkenerantz aurtengo denboraldiari itxura eman diola adierazi zuen Caja Ruraleko txirrindulariak Frantziako Gevaudan itzuliko garaipena gogoan. Euskal Herriko Itzulia Markina-Xemeindik igarota hobeto aritzea zuela asmoa ere azaldu zuen, baina aurreko egunetan gaixorik egon izanak ez ziola berak nahi zuen modura ibiltzeko aukerarik utzi.
Hitz batzuk esan ostean, lehian ziren berriz protagonistak. Espaziontziak apurtzen jarri zituzten azkenengo puntuak lortzeko, eta erruletan aukeratu behar izan zituzten ezusteko opariak. Txokolate tablet bat, Sabino Angoitiagaz txirrindularitza ikastaroa eta Igor Astarloagaz gau bat izan ziren sarietako batzuk.
Ekitaldia amaitzeko, Amets Txurruka Lagunartearen oroigarria eman zioten Txomin Aranari, eta bere kamiseta bat oparitu zion Aranak Txurrukari.