Giza eskubideen aldeko sarea osatzen hasi dira Markina-Xemeinen
Abenduaren 14an aurkeztuko dute Markina-Xemeingo Sare, Uhagon kulturgunean. Herritar guztiak gonbidatu dituzte sentsibilitate guztietako pertsonekin osatuko duten sareraEuskal preso, iheslari eta deportatuen giza eskubideen aldeko sare herritarra sortz...
Abenduaren 14an aurkeztuko dute Markina-Xemeingo Sare, Uhagon kulturgunean. Herritar guztiak gonbidatu dituzte sentsibilitate guztietako pertsonekin osatuko duten sarera
Euskal preso, iheslari eta deportatuen giza eskubideen aldeko sare herritarra sortzeko lehen pausoak ematen hasi dira Markina-Xemeinen. Hilabeteak lanean egon ondoren, Markina-Xemeingo Sare sortzeko bidean abiapuntu izan zen bilera bat egin zuten joan den zapatuan Uhagon kulturgunean. Herriko kultur, kirol eta talde ezberdinetako ordezkariak zein sentsibilitate ezberdinatako herritarrak elkartu ziren kulturgunean, abenduaren 14an, 17:00etan egingo den Markina-Xemeingo Sare-ren aurkezpenerako gonbitea luzatzeko.Sare «sentsibilitate guztietako pertsonen artean osatutako herritarren sarea» dela jakitera eman zuten ekimenaren bultzatzaileek. «Giza eskubide guztien alde dauden pertsona guztiak biltzeko bokazioa du, eta pertsona ezberdinok euskal preso, iheslari eta deportatu guztien giza eskubideen alde egingo dugu lan», azaldu zuten.
Herritarrak izango dira Sareko protagonista: «Bakoitzak bere inguru naturalean egingo du lan, berdin eremu akademikoan, kulturalean, kirolaren esparruan, herrian edo auzoan, eta elkarren artean lotuko gaituena euskal preso, iheslari eta deportatu guztiak euren eskubideen jabe izatea izango da».
Euskal preso, iheslari eta deportatuei legez dagozkien eskubideak berrezartzeko bidean egingo dute lan sarekideek: presoen urruntzea ahalbidetzen duen sakabanaketa politikaren amaiera lortzeko, presoa pertsona gisa suntsitzea ahalbidetzen duen isolamendu eta bakartze egoerekin amaitzeko, gaixotasun larriak dituzten presoen kaleratzea lortzeko, 70 urtetik gorako adina duten presoak eta zigorraren 3/4k eta 2/3ak beteta dituztenen kaleratzea lortzeko, bizi osorako zigorra eta espetxealdi luzapena ahalbidetzen duten lege eta egoerak indargabetzeko eta espetxean egoteak ahalbidetzen dituen eskubide urraketei amaiera emateko. «Asmo horiekin bat egiten duten pertsona guztiek dute lekua Markina-Xemeingo Sare herritarrean».