Dantzari nagusiek frontoia bete dute
Ibarrangelun egin dute aurten Busturialdeko dantzari nagusien eguna. 140 lagun inguru atera dira dantzan frontoira; eta han sortu den giro ederra nabarmendu du Lorea dantza taldeak.Hamarkadetako ohiturari jarraituz, Busturialdeko dantzari nagusiek eure...
Ibarrangelun egin dute aurten Busturialdeko dantzari nagusien eguna. 140 lagun inguru atera dira dantzan frontoira; eta han sortu den giro ederra nabarmendu du Lorea dantza taldeak.
Hamarkadetako ohiturari jarraituz, Busturialdeko dantzari nagusiek euren eguna ospatu zuten, zapatuan. Ibarrangelun batu dira aurten, udazkeneroko galdu ezinezko hitzorduan.Eskualdeko hainbat herritako dantza taldeek parte hartu dute aurtengo dantzari egunean; baita Bakioko taldeak ere. Guztira, 140 dantzari inguru atera ziren Ibarrangeluko frontoira, Euskal Herriko bateko eta besteko dantzen erakustaldian. Neska zein mutil, Bizkaiko, Gipuzkoako, Arabako zein Ipar Euskal Herriko dantzak egin zituzten, ikusleen gozamenerako.
Ibarrangeluko Lorea dantza taldea izan da aurtengo dantzari eguna antolatzeaz aduratu dena, eta emaitzarekin pozik agertu dira taldekideak. «Hotza egin zuen arren, euririk ez zuen bota dantzan ginen bitartean, eta frontoian giro ederra sortu zuten parte hartu zuten dantzariek».
Ostean, Ibarrangelun afaldu zuten, eta, beranduago, erromerian dantzan jarraitzeko aukera eduki zuten, Lagan.
Don Domingo gogoan
Don Domingo Zuluagak birsortu zuen Ibarrangeluko Lorea dantza taldea, 1949. urtean; eta haren jaiotzaren mendeurrena gogoan dute Ibarrangelun, urte osoan. Loreako kideek ere gogoan izan dute Zuluaga, asteburuko ekitaldiagaz. «Izan ere, hark taldea sortu izan ez balu, gaur egun ez zen posible izango Busturialdeko dantzari eguna Ibarrangelun ospatzea», adierazi dute antolatzaileek.