Mundakako Surf taldeak egindako dohaintzari esker, Jose Maria Etxeita udal liburutegiak surfari lotutako gunea izango du aurrerantzean. Bihar egingo dute txoko berriaren inaugurazio ekitaldia, eta udaleko eta Mundaka Surf taldeko ordezkariak izango dira bertan.
Mundaka Surf taldearen arabera, «hainbat urte daramatzagu ideia honekin buruan; izan ere, Euskal Herrian surfa atal edo sail modura duen liburutegirik ez dago. Mundaka surfari lotuta dagoen herri erreferentea izanik, ideia ona zela bururatu zitzaigun. Uste dugu, gainera, herriari zein liburutegiari balorea emateko balioko duela». Hala, urteetan surf munduari buruzko liburuak batzen ibili direla zehaztu dute, eta orain, dohaintzan eman dizikiote Mundakako udal liburutegiari.
Surfari buruzko 30 liburu inguru aurkitu ahalko dira, beraz, bihartik aurrera Mundakako liburutegian. Gehienak ingelesezkoak dira, baina erderaz edota frantsez idatzitako zenbait ere badaude. Horrez gain, orain dela hainbat urteko aldizkari mitikoak ere aurki daitezkeela azaldu dute Mundaka Surf taldekoak, «gauza oso interesgarriak daude».
Surf gune horretan dauden liburuak, aldizkariak, artikuluak eta gainontzeko materialak ezin izango dira beste liburutegietara eroan. «Mundakako liburutegiko erabiltzaileek posible izango dute etxera eroan irakurteko, ezin izango dena da liburutegien arteko trukaketak egin», azaldu dute.
Liburutegian aurki daitezkeen liburuak taldearen
www.mundakasurfclub.com web orrialdean ikus daitezke liburutegia atalean.
BIHARKO EGITARAUA:
- 19:30. Ekitaldiaren hasiera.
- 19:40. Mundakako Udalaren eskutik, aurkezpena.
- 19:40. Gune berriaren aurkezpena Mundakako Surf taldearen eskutik.