19:45ean hasiko dute partidua, Cadi La Seu taldearen kantxan, Lleidan (Herrialde Katalanak). Ligako sailkapenean parekatuta daude gernikarrak eta katalanak, 12 puntugaz. Hain zuzen, laugarren eta bosgarren postuan dira, hurrenez hurren, Gernika Bizkaia eta Cadi La Seu taldeak, bost partidu irabazita eta bi galduta.
Liderraren aurkako partidua galdu egin zuten joan den asteburuan Gernika-Lumoko neskek, eta, ondorioz, sailkapenean behera egin zuten, Huelvako (Andaluzia, Espainia) Conquero taldearen atzean jarriz. Hain justu, Spar Girona hartu zuen Gernikak aurreko asteburuan; katalanak bereziki fin aritu ziren jaurtiketetan, eta hiruko erabakiorrak saskiratu zituzten. Hala, partida guztia oso orekatua izan arren, Gironaren aldeko errenta handiagaz amaitu zen norgehiagoka: 59-78 markagailuan.