Gazte Abertzaleek hidrokarburoak ustiatzeko zundaketak bertan behera uztea exijitu dute
Azken asteotan, euskal kostaldean zundaketak egiteko zenbait baimen eman ditu Espainiako gobernuak eta horrek eragindako kezka eta informazio falta salatu du Gazte Abertzaleek.
Oihana Rubiera eta Edriga Aranburu Bermeo eta Lekeitioko Gazte Abertzaleetako ordezkariek argi utzi nahi dute gazte erakundeak ingurumenarekin duen konpromisoa.
“Gure udalerrietan iragarritako zundaketa arriskutsu horien aurrean bizi dugun babesgabetasuna salatu nahi dugu. Eusko Jaurlaritza eta Espainiako Gobernuak ez dute inongo informaziorik igorri”, azaldu dute Rubierak eta Aranburuk. Bide beretik, zundaketa horiek egiteko zein teknika erabiliko diren ere ez dakitela gaineratu dute. “Ez eta zein arrisku aurreikusten diren. Ondorio larriak izan ditzakeen egoera baten aurrean kaltetutako udalak ikusle hutsak izatea nahi dute gainera”. Egoera horrek, herrikideen artean “ezinegona eta kezka” sortzen dutela diote; “jakinak dira ustiapen teknika horien arriskuak”.
Horrela ba, euren udalerrietan egin nahi dutenaren gaineko informazio zorrotza ematea exijitu diote Jaurlaritzari.
Bestalde, zundaketak egiteko lizentzien hartzaileak atzerriko multinazionalak direla salatu dute. “Ingurumena larriki erasotzen duten teknika bortitzak erabili nahi dituzte multinazional horiek, gutxi batzuen poltsikoak betetzeko, negozioa egiteko. Jarduera horiek ez diete euskal gizarteari onurarik ekarriko”, adierazi dute.
Oro har, Gazte Abertzaleek ustiapen basati horiek eragozteko egin daiteken guztia egiteko eta zundaketak bertan behera uzteko exijitzen dio Jaularitzari.