Euskal selekzioagaz Belgikan lehiatuko da Aritz Zabala Busturiko txirrindularia
Bihar eta domeka goizean izango ditu lasterketak Basati bike-Busturia Txirrindularitza Taldeko busturiarrak.
Gaur arratsaldean dira abiatzekoak Euskal Herritik Euskal Selekzioko txirrindulariak, eta Frantzian lo eginda, bihar dira Belgikara ailegatzekoak. Arratsaldean, zirkuitua nolakoa den ikustera aterako dira, zapatu eta domekan beraien onena eman ahal izateko.
Zapatuko lasterketa «teknikoagoa eta arinagoa» izango dela azaldu dute Basati Bike-Busturia Taldetik; hala ere, domekakoa «nahiko gogorra» izango dela diote. Belgikan ospe handia duen lasterketa izango da domekakoa: Cyclo-cross d’Asper-Gavere.
Zazpi urte dituenetik dabil Zabala txirrindu gainean, eta iaz hasi zen ziklokrossean parte hartzen. 15 urterekin, kadete mailako bigarren urtea du busturiarrak, eta orain arte, behintzatm bizikleta gainean duen abilezia ondo baino hobeto erakutsi du. Basati Bike-Busturia Taldetik azaldu dutenez, «oso denboraldi ona» egin du Zabalak gainontzeko kideekin batera, eta, aurrera begira ere, hala izango delakoan daude. Aurtengoa, behintzat, hasi baino egin ez den arren, bide egokia hartua du Busturiko gazteak.