Beira birziklatzeko garrantziaz ariko dira Bermeoko ikasleekin
Bermeoko Udalak beiraren erabilera arduratsuaren eta birziklapenari buruzko tailer bat antolatu du. Tailer hori herriko ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako (LH) bosgarren mailako ikasleei zuzenduta dagoela azaldu dute, eta ikastaroa emateko Ecovidrioren laguntza dute. Beiraren hondakinak modu egokian sailkatzearen garrantziaz sentsibilizatu nahi dituzte ikasleak.
Bermeoko Udaleko Ingurumen Sailetik azaldutakoaren arabera, «joko dibertigarri batzuen bitartez, hondakinen eta batez ere beiraren birziklapena bultzatu nahi da herriko neska-mutilen artean».
Tailerraren helburuak hurrengoak dira: etxeko hondakinen kudeaketaren Europako hierarkia ezagutzera ematea (murrizketa, berrerabilera eta birziklapena; beiraren birziklapen katearen berri ematea; herritarren parte hartzearen garrantzia nabarmentzea; ikasleei herriko beiraren bilketaren datuen berri ematea; oinarrien sailkapen on bat egitearen garrantzia ezagutaraztea eta beiraren birziklapenaren aukerak azpimarratzea.
Udaleko Ingurumen Saileko arduradunen esanetan, «zalantzarik gabe, oso garrantzitsua da ingurugiro-heziketa txikitatik jasotzea». Gainera, ikastetxeek Eskola Agenda 21ean parte hartzen dutenez, beiraren birziklapenari buruzko tailer hori egitea egoki ikusi dutela azaldu dute.
Artelatz Ingurumen zerbitzuak emango die ikasleei tailerra, eta udaletik jakinarazi dutenez, Ecovidriok finantzatzen du %100ean. Bermeon egin aurretik Mungiako eta Portugaleteko ikastetxeetan ere egin dutela diote, eta horietan «oso harrera ona» izan du.
Herri jasangarri baten aldeko apustua egiten ari da Bermeoko Udala. Hala, Ingurumen Sailetik gogorarazi dutenez, Ecovidrioren laguntzarekin beste hainbat kanpaina egin dituzte jada. Zehazki, 2006an eta 2007an herriko ostalariei zuzendutako kanpaina egin zuten, beira hobeto birziklatzeko asmotan. Ondoren, 2010ean herritar guztiei zuzendutako kanpaina egin zuten. 2012an, berriz, beiraren birziklapena indartzeko helburuz, herriko txokuekin batu ziren.