Gizarte Ongizate Udal Patronatutik azaldu dutenez, «jai honen bitartez egoiliarrei sentiarazi nahi diegu beraiek direla eguneko protagonistak». Modu horretan, senideen parte hartzea eskatzen dute, «elkarrekin ondo pasatzeko aukera izan dezaten».
11:30ean, mezarekin emango diote hasiera egunari. Horretan nagusiak izango dira irakurketak eta eskaintzak egingo dituztenak eta bi egoiliar omenduko dituzte: Isabel Suarez eta Pilar Ruiz. Beraiek baitira zaharren egoitzan denbora gehien daramatzatenak.
Ondoren, 12:15ak inguruan, Bermeoko abesbatzak emaldia eskainiko du eta horren ostean egoiliarren danborradaz disfrutatzeko aukera izango dute bertaratutakoek. Zozketak ere izango dira, hain zuzen ere, egoiliarrek egindako paparrekoak eta giltzatakoaa zozkatuko dituzte.
Egun horretan, egoiliarrek senideekin bazkaltzeko aukera izango dute zaharren egoitzan bertan, senideek ez duten horiek, berriz, boluntarioen laguntza izango dutela zehaztu dute.
Bazkaldu ostean, festa giroan jarraituko dute. Euskeraz Berbetan elkartekoak hurbilduko dira egoiliarrekin abesteko eta dantzatzeko. Nagusien eguna Txo Sevilla taldekoen dantza ikuskizunarekin amaituko dute.