Martxan da Bermeoko Berton elkartearen XIII. erakusleiho lehiaketa
Urtero sasoi honetan egin moduan, herriko saltoki guztiei zuzendutako erakusleiho lehiaketa antolatu du Bermeoko txiki erdi enpresen elkarteak. Era berean, Bilboko Merkataritza Ganberak ere, gabonetako XXXI. erakusleihoen lehiaketa abiarazu du.
Bertonek antolatzen duen erakusleihoen lehiaketan parte hartu gura duten Bermeoko dendek abenduaren 8a baino lehen eman beharko dute izena, egun horretarako erakusleihoek prest egon beharko baitute. Jakinarazi dutenez, epaimahaia abenduaren 15ean joango da aurkeztu diren erakusleihoak aztertzera.
Epaimahai herrikoia
Aurten, bestalde, herritarrek ere zeresana izango dute lehiaketan; izan ere, erakusleihorik gustokoena aukeratu ahalko dute. Azaldu dutenez, herritarrek etxeetako buzoietan jasoko dute Bertonetik bidalitako txartel bat. Txartel horren bitartez, gehien gustatu zaien dendaren erakusleihoa aukeratuko dute. Horiek ondoren, Berh@zen, liburutegian edota Kultur Etxean utzi beharko dituzte. Parte hartzen dutenen artean, Taraska tabernan bi lagunentzako hamar gosari zozkatuko dituzte.
Aurten, lau sari banatuko dituzte; hiru Bertoneko epaimahaiak aukeratuta eta bat herritarrek aukeratuta. Sari banaketa ekitaldia urtarrilaren 7an izango da, 20:15ean Bertonen egoitzan.
Bizkaiko lehiaketa
Bestalde, Bilboko Merkataritza Ganberak ere XXXI. Erakusleihoen lehiaketa antolatu du. Ohi legez, kategoria ezberdinetan egokien apaindutako erakusleihoak sarituko dituzte.
Parte hartu gura duten dendek azaroaren 30era arteko epea dute izena emateko. Ondoren, parte hartzaileek , gutxienez, abenduaren 1etik 31ra erakusleihoa ikusgai izan beharko dutela azaldu dute antolatzaileek.