Aldundiak Bermeoko saihesbidea amaitzea izango du xede 2015ean
Bizkaiko Foru Aldundiaren Herri Lan eta Garraio Sailak 2015. urterako bide azpiegituretarako aurrekontutik egingo duen inbertsiorik handiena (25 milioi euro) Ermuko saihesbidea dela jakinarazi duen arren, Bermeoko saihesbidea amaitzea eta BI-635 errepidea (Zornotza eta Muxika arteko zatia) hobetzeko lanak egitea ere izango ditu xede datorren urtera begira. Hala, gogoratu du azken azpiegitura horren funtsezko tartea Autzaganetik pasatzen den Urdinbideko tunela izango dela.
Aipatu azpiegitura horiez gain, 2015. urtean, 79 milioi euro bideratu ditu Bizkaibus zerbitzura, Herri Lan eta Garraio Sailak.
Halaber, Itziar Garamendi Herri Lan eta Garraioen foru diputatuak gogorarazi duenez, azpiegitura handi horien eta zerbitzu publikoez gain, aldundiak bide-sarea mantentzeko lanak egiten jarraituko du, eta, horretara bideratu ditu, esaterako, 48 milioi euro datorren urtean. Diru kantitate horrekin egingo dituzte, besteak beste, Bizkaiko errepideen kontserbazio integralerako lanak, eta kaleko argiei eta seinaleei dagozkienak ere.