Umeei eta gazteei zuzendutako ipuin lehiaketa antolatu du Sukarrietako Udalak
Zortzi eta hamasei urte bitarteko umeei eta gazteei zuzendutako ipuin lehiaketa da Sukarrietako Udalak lehenengoz antolatu duena, eta parte hartu ahal izateko Sukarrietan erroldatuta egotea ezinbestekoa da. Lanak aurkezteko azken eguna abenduaren 15a izango da, eta udaletxean utzi beharko dira. Udaletxea 09:00etatik 14:00etara izaten da zabalik, hala ere, abenduaren 15ean 18:00etatik 19:00etara ere zabalduko dutela jakinarazi dute lanok aurkeztu ahal izateko.
Ipuin lehiaketa hiru kategoriatan banatuko dute, adin tartearen arabera. Hala, 8 eta 9 urte bitarteko umeak lehenengo kategorian izango dira; 10 eta 12 urte bitartekoak, bigarrenean, eta hirugarren kategorian, berriz, 13 eta 16 urte bitartekoak. Kategoria bakoitzean bi sari banatuko dituzte. Saritu bakoitzak euskarazko produktuz osatutako sorta bat jasoko du. Sari banaketa ekitaldia urtarrilaren 2an izango da, 12:00etan, Sukarrietako udaletxean bertan.
Lan bakarra
Parte hartzaile bakoitzak erabaki ahalko du zertaz idatzi, gaia librea baita. Hori bai, derrigorrezkoa izango da ipuina euskaraz idatzita egotea. Parte hartzaileek ipuina ordenagailuz idaztea erabakitzen badute, ipuinak orrialde bakarrekoa izan beharko du. Eskuz idatzita, berriz, gehienez, bi orrialdekoa izan daiteke. Arkatzez idatzitako testurik ez dutela onartuko azaldu dute udaletik. Bestalde, egile bakoitzak ezin izango du ipuin bat baino gehiago aurkeztu. Lan irabazlea zein izango den erabakitzeko epaimahaia literatur gaietan aditua den pertsona batek eta Sukarrietako Udaleko Euskara teknikariak eta zinegotziak osatuko dute.
Lanok aurkezterako orduan, bi gutun-azaletan egin beharko dituzte parte hartzaileek. Gutun-azal txiki baten kanpoaldean adina eta ezizena jarri beharko dituzte, barruan, ostera, izen-abizenak, helbidea eta telefono zenbakia. Gutun-azal handi baten kanpoaldean, bestalde, txikiarekin egin moduan, adina eta ezizena jarri beharko dituzte eta barruan, ipuina eta gutun-azal txikia.