Inguruan batutako 107 perretxiko mota erakutsi ditu Foruko Muinogorri elkarteak XVIII. erakusketan, «aurrekoetan baino gutxiago», esan du elkarteko kide Enrike Agorriak: «erakusketaren data ere atzeratu behar izan dugu. Euri gutxi egin duenez, perretxikoak beranduago agertzen hasi dira».
Hiru kolore erabiltzen dituzte elkarteko kideek perretxikoak bereizteko: gorria, zuria eta berdea, pozointsua, sukaldaritzarako baliorik gabekoa edota ona eta jangarria den zehazteko, hain zuzen ere. Izan ere, pozointsuen eta jangarrien artean sor daitezkeen nahasteak saihestea da Muinogorriren asmoa.
Perretxikoen inguruan gero eta interes handiagoa dagoela adierazi du Agorriak. Hala, hainbat izan ziren domekan Muinogorri elkartera hurbildu zirenak erakusketa ikustera, «uste genuena baino jende gehiago hurbildu zen, giro polita sortuta».
Mota deserdinetako perretxikoen berezitasunak ezagutzeaz gain, horiek dastatzeko aukera ere izan zuten bertaratutakoek. Azaldu dutenez, 600 pintxo inguru banatu zituzten. Perretxikoekin egin daitezkeen pintxoen berri ere ematen dutela esan du Agorriak.
Busturiko Madariaga Dorretxean ere jardunaldi mikologikoa egin zuten domekan. Hainbat lagun hurbildu ziren jardunaldira eta Errotari elkartearen eskutik onddoak ezagutzeko eta dastatzeko aukera izan zuten.