Argazkilaria: Red Bull Rivals
Hainbat lagun bildu ditu zapatuan Mundakan ospatutako Red Bull Rivals surf txapelketak. Surf zaleak eta ez hain zaleak izan ziren Talatik itsasora begira, surflariak Mundakako ezker olatuan surfeatzen zuten bitartean. Hotza ez zen oztopo izan surfaz gozatzeko, eta Mundakara bertaratu zenak bi metro baino gehiagoko olatuez eta giro apartaz gozatzeko aukera izan zuen. Kanaria uharteetako eta Iberiar Penintsulako surflarien arteko lehia izan zen zapatukoa, Pro Surfer, Free Surfer, Junior eta Girl mailetan. Apirilean, Kanaria uharteetan jokatu zuten lehen saioa eta Penintsulako taldea nagusitu zen. Hala, errebantxa hartzekotan bertaratu ziren Kanariakoak, eta, ahalegina irabaztean jarri zuten. Hala ere, ezin izan zion eutsi Red Bull Rivals lehenengo edizioko irabazle suertatu den Iberiar Penintsulari.