Bizkaiko Bertsolari Txapelketako azken kanporaketan Ander Elortegi gernikarrak finalaurrekoetarako txartela lortu du. Puntuazioz sailkatu da; Ibon Ajuriagojeaskoagaz eta Julen Erezumagaz batera. Horrela ba, bertoko lau bertsolari egongo dira aurten Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalaurrekoetan. Onintza Enbeitak finalaurrekoetan ekingo dio lehiari.
Azken kanporaketa ere jendetsua izan zen; 300 lagunetik gora batu ziren domekan Zeanuriko Ibarreta frontoian. Horretan, Galletebeitiak (372 puntu) bigarren egin zuen, Imanol Uriaren atzetik (376,5), eta Elortegik (359,5) hirugarren.
Elortegik zortziko txikian gainontzeko bertsolariek baino puntu gehiago lortu zituen (115). Galletebeitiak, ostera, kartzelako saioan aurkariak gainditu zituen (82,5). Zortziko handian eta puntu erantzunetan Uria gailendu zen.
Bertso afaria, Ajangizen
Bestalde, barikuan, bertso afaria egongo da Foruko herriko tabernan. Amets Arzallus eta Uxue Alberdi izango dira bertsolariak eta afaria 21:00etan hasiko da.
Izena emateko herritarrek Kanpatxun, Mendietako txokoetan edo herriko tabernara joan beharko dute; gaur da izena emateko azken eguna.
FINALAURREKOAK ETA BERTSOLARIAK
1. FINALAURREKOA
- Azaroak 22, Etxebarrian. Fredi Paia, Iratxe Ibarra (Markina-Xemein), Miren Amuriza, Eneko Abasolo, Joseba Artza (Etxebarria) eta Ander Elortegi (Gernika-Lumo).
2. FINALAURREKOA
- Azaroak 30, Urdulizen. Etxahun Lekue, Onintza Enbeita (Muxika), Beñat Ugartetxea, Gorka Ostolaza Potxis (Markina-Xemein), Xabat Galletebeitia (Lekeitio) eta Julen Erezuma (Gernika-Lumo).
3. FINALAURREKOA
- Abenduak 7, Zornotzan. Arkaitz Estiballes, Jone Uria, Oihana Bartra, Imanol Uria, Ibon Ajuriagojeaskoa (Gernika-Lumo) eta Garikoitz Sarriugarte.