Herriko zenbait eragilek bigarren biderrez antolatu dituzte antimilitarismoari eta memoria historikoari buruzko jardunaldiak. Iazko esperientzia “oso aberasgarria” izan zela deritzote antolatzaileek, eta datozen urteetan ere lanean jarraitzeko asmoa agertu dute.
Jardunaldien helburu nagusia gerraren kontrako mezua zabaltzea da. Izan ere, “ez gaude babestuago arma gehiago eta bortiztzagoak izateagatik”. Hala, bertoko herritarrak kontzientziatzea bilatzen dute antolatzaileek, etorkizuneko gerrak ekiditeko asmoz. Izan ere, guda gehiagorik egon ez dadin, ezinbestekoa da gerraren gehiegikeriak ezagutaraztea.
Antolatzaileek jardunaldietan parte hartzeko deia egin diete eskualdeko herritarrei. Iaz bezala, hiru saioa izango dira aurten; lehenengoa bihar (azaroak 11) bertan. Saioek berbaldi itxura izango dute, baina bildutakoek ere berba egiteko aukera izango dute.
Saio guztiak
- Azaroak 11 (18:00etatik 20:00etara). Gernika konprometitua. Gatazkarik gabeko teknologia saioa. Justine Masika Bihamba Kongoko Biktima Sexualen Elkarteko kideak, estatu horretako gerra izango du berbagai. Ostean Virginia Basurto Alboan erakundeko kideak mugikorrek Kongoko indarkeriarekin duten zerikusiaz ariko da.
- Azaroak 20 (17:30etik 19:30era). Gernika solidarioa. Gernikatik Mundura. Ruandako Genozidioaren 20. Urteurrena (1994-2014) saioa. Jordi Palou-Loverdosek Ruandako gertaerak izango ditu berbagai. Biktimen abokatua izan zen Rwandare Kongoren arteko auzian. Ostean, Jokin Alberdi Gernikatik Mundurako kideaK Ruandan egindako lanari buruz ariko da.
- Abenduak 16 (18:00etatik 20:00etara). Gernika armagilea. Armen euskal industria eta Gernikako fabriketako esportazioa I. Mundu Gerran (1914-1918) saioa. Igor Goñi EHUko Historia Ekonomikoaren irakasleak eta Txato Etxaniz Gernikazarra Historia taldeko ikertzaileak emango dute berbalda.