Foruko Muinogorri elkarteak perretxikoak ikusteko eta dastatzeko aukera emango du domekan (azaroak 9). Urtero bezala, udazkeneko fruitu gozoak ezagutarazteko lanean dihardute elkarteko kideek, eta, aurten ere, erakusketa arrakastatsua izatea espero dute. Aurtengoa hemezortzigarren ekitaldia izango da, eta antolatzaileak pozik dira orain arte egindako lanagaz. 11:00etatik 15:00etara izango dira ikusgai elkartearen egoitzan.
Elkarteak erakusketaren data atzeratu behar izan zuen. Data urriaren 24rako zegoen jarrita, baina euri faltak erakusketa atzeratzera behartu zituen Muinogorriko kideak. “Iraila eta urria hilabete oso lehorrak izan dira, eta perretxiko oso gutxi zegoen”.
Azken urteetan bezala, hiru kolore erabiliko dituzte perretxikoak desberdintzeko: berdea, zuria eta gorria. Kolore berdeko fitxa duten perretxikoak jangarriak dira. Kolore zuriko fitxadunak, bestalde, ez dute baliorik gastronomian erabiltzeko, baina ez dira kaltegarriak. Amaitzeko kolore gorria daukatenak pozoitsuak edo kaltegarriak dira; jan behar ez direnak.
Antolatzaileen berbetan, “eskualdean perretxikotan joateko zaletasun handia dago”. Hala, elkartearen eginkizunetako bat da perretxikoak desberdintzen erakustea. Horregatik, antzekoak diren perretxiko motak bata bestearen ondoan jartzen dituzte, bakoitza bere fitxarekin batera.
600 pintxo inguru
Urtero bezala, bi edo hiru pertsona hamar talde inguru aterako dira perretxikoak batzera, bihar arratsaldean. Hala ere, norbaitek bere kabuz perretxikoak batu eta erakusketara eraman nahi izanez gero, ez dago inolako arazorik. Muinogorri Elkarteagaz jarri behar dira harremanetan interesatuak. Batez ere, mota jangarriak batzeko eskatu du elkarteak, pintxoak egingo baitituzte batutako perretxikoekin. Hain justu, 600 pintxo inguru.
Jakinarazi dutenez, 120-135 perretxiko mota izango dira erakusketan. “Urte hoberenetan, 180tik gora ere izan ditugu, baina ez da noramela”.