Kataluniako Gobernuak galdeketa debekatzearen aurka jarritako helegitea ez du aintzat hartu Espainiako Auzitegi Gorenak; hala ere, azaroaren 9ko parte hartze prozesuagaz aurrera egitea erabaki dute; hartara, «herrialde eta gizarte proiektu propio bat garatzeko». Domekan, beraz, 16 urtetik gorako Kataluniako bizilagunek bertako gobernuak egokitutako 700 bat lekutan izango dute botoa emateko aukera, Kataluniaren geroa erabakitzeko.
Generalitatea bera izango da galdeketa antolatzeaz arduratuko dena, eta horretarako, Kataluniako Gobernuaren egoitzak –institutuak, horietako asko– erabiliko ditu bozkaleku legez. Hautetsontziak eta orritxoak egongo dira aipatu tokietan, eta aurretik adostutako galdera biri erantzun beharko diote parte hartzen dutenek: «
Kataluniak estatua izan behar al luke?»; eta, erantzuna baiezkoa bada, bigarren galdera izango dute: «
Estatu horrek independentea izan behar al luke?».
Galdeketaren emaitzen berri, beraz, biharamunean emango dutela jakinarazi dute. Eta astelehenetik aurrera, Espainiako presidente Mariano Rajoyri gutun bat helaraziko diola aurreratu du Generalitateko presidente Artur Masek; «gertatutakoaren balantze bat egin eta, beste behin, akordio bat egitea proposatzeko».