Bidegorria eskatuko dute muxikarrek, autorik gabeko egunean
Urretxindorra Eskolako Guraso Elkarteak urtero antolatzen du kotxe gabeko eguna, baina biharko ekitaldia berezia izango da. Hain zuzen, Muxikako Udalak bat egin du egitasmoagaz; eta, jakinarazi duenez, herrian bidegorria egitea aldarrikatuko dute Kurtzero auzotik Ugarte auzora egingo duten ibilaldiagaz. Txangoaren amaieran, gainera, Kurtzerotik Ugartera doan bidegorria egiteko sinadura bilketa hasiko dute muxikarrek.
Udalak ekimenagaz bat egiteko deia egin die muxikarrei. Parte hartu nahi dutenek, “oinez, bizikletaz, patinetan, zein trizikloan” egin dezakete ibilaldia. 10:30ean jarri dute hitzordua Kurtzero auzoan bertan. Amaieran lunch-a egingo dute bildutakoek.