Bermeoko hiru atunontzi daude Greenpeacek kaleratu duen hogei ontzi suntsitzaileenen zerrendan
Greenpeacek Europako hogei atunontzi suntsitzaileen zerrenda bat kaleratu du asteon, eta horien artean hiru atunontzi bermeotar daude: Albacora Uno, Albatun Tres eta Txori Argi. Ozeanoentzako kaltegarrienak diren ontziak erretiratzeko Monster boats kanpaina abiarazi dute ekologistek. Modu horretan, gehiegizko arrantzarekin dagoen «arazo larriagaz» amaitu nahi du Greenpeacek.
Greenpeacek hurrengo irizpideak izan ditu kontuan Monster boats deritzen ontzien zerrenda egiterako orduan: harrapaketarako edukiera, arrantzarako erabiltzen duten sistema, ontziaren hautazko ezaugarriak, ingurumenarekiko duten inpaktua eta legezkoak ez diren arrantza kasuak.
Asteon kaleratu duten zerrenda horretan dauden ontziak itsasoetatik kanpo egon beharko luketeela uste dute ekologistek, Europak pairatzen duen gehiezko arrantzarekin amaitzeko. Horien esanetan, «Europako herrialdeek, eta batez ere Espainiak, ozeanoek onartzen dutena baino arrantza kapazitate handiagoa dute eta irtenbide bakarra ontziteria murriztea da. Hori egiterako orduan, gobernuei eskatzen diegu has daitezen zerrenda honetan agertzen diren ontzi suntsitzaileneengandik».