Foruko karakol txapelketa, iaz
«Etorri da San Martin eguna eta joan da txerria» esaera zaharrari jarraiki, sanmartinak ospatzeko batuko dira Busturialdeko herritarrak egunotan. Antzina, azaroaren 11 festa egun handia izaten zen Euskal Herriko etxe eta baserri askotan; hala ere, egun, gero eta gutxiago dira txerria hiltzen dutenak. San Martin eguna aitzaki hartuta, dena den, txerria hiltzearen alde ludikoaz gozatzeko biltzen dira egun herritarrak. Hala, Bermeon, Foruan eta Sukarrietan bezala, beste hainbat tokitan ere, txarrikiak jateko hitzorduak izango dituzte.
Datorren martitzenean, azaroaren 11n, ospatuko dute San Martin santu zaindariaren eguna; hala ere, ospakizunak aurretik eta ondoren ere izango dira bertoko herrietan. Forua eta Sukarrieta dira San Martin Egunerako ekintzak antolatu dituztenak; meza santua izango da aukeran, esaterako, bi herrietan. Horrez gain, Foruan, briska txapelketa eta txerri zozketa egingo dituzte eta Sukarrietako Kanala auzoan, aldiz, bazkari herrikoia egingo dute.
Foruan, dena den, zapatuan eta domekan ere izango dute zer ospatu; hala, igel lehiaketa, tute eta mus txapelketak, idi probak, nekazal azoka, karakol txapelketa, dantza saioa eta aizkolarien arteko erronka izango dituzte aukeran, besteak beste.
XIII. Odoloste txapelketa
Bermeok XIII. San Martin azoka hartuko du domekan Lameran, eta, horren barruan, ohiko odoloste txapelketa egingo dute; aurten, hamahirugarren urtez eta 22 parte hartzailegaz. Odolostea bera izango da protagonista nagusia baserri giroko azokan; hala ere, bestelako produktuak dastatzeko eta erosteko aukera ere egongo da bertan: hala nola, ogia, euskal pastela, gazta, eztia, txakolina eta patea.