Albert Einstein zientzialari ospetsuak esan zuenez, erleak desagertuz gero munduaren amaiera izango litzateke. “Gizakiak lau urte iraungo zituen lurraren gainean; intsektu mota hori barik ez dago polinizaziorik, ezta bedarrik, ezta animaliarik, ezta gizakirik ere”. Einsteinen iragarpen iluna muturrekoa da, baina egia da erle eta erlauntza kopuruek nabarmen egin dutela behera azken urteetan. Hala, mundu guztiko erlezainak alertan daude; baita eskualdean bertan ere.
Arazoaz jabetuta, Lurgozok erleei buruzko jardunaldiak antolatu ditu zapaturako (azaroak 8). Hala, egungo egoeraren berri emango dute hainbat adituk, etorkizunean jarraitu beharreko bidea zehaztuz.
Hizlariek erleek ingurumenean daukaten garrantzia nabarmenduko dute, zein arazori aurre egiten dieten azaltzeaz gain. Izan ere, erleek hainbat mehatxu dituzte. Besteak beste, pestizidak, kutsadura, klima aldaketa eta parasitoak dira horietako zenbait.
Azken urteetan, gainera, Asiako liztorraren mehatxua asko handitu da. Eskualdean, esaterako, listor mota horren hainbat erlauntza aurkitu dituzte aurten. Hortaz, gai hori ere jorratuko dute jardunaldietan. Hain zuzen, Javi Larrinaga Bizkaiko Erlezainen Elkarteko kidea ariko da Asiako liztorraz. Egungo egoeraz, eta mehatxuari aurre egiteko zenbait teknikaz ariko da Kortezubiko erlezaina.
Jardunaldiak ondo amaitzeko, gainera, lagunarteko bazkarian parte hartu dezakete interesatuek. Horretarako, aldez aurretik eman behar da izena. Alde batetik, Astran eta Lurgozon apuntatu daiteke. Bestalde,
ortutikahora@gmail helbidera idaztiz, edota 627 588 349 telefono zenbakira deituz ere eman dezakete izena parte hartu nahi dutenek. Barikua (azaroak 7) da apuntatzeko azken eguna .
Bertoko produktu ekologikoekin egindako menua dastatu nahi dutenek, hamabost euro ordaindu behar dituzte.
Egitaraua
- 09:30etik 10:30era. Zein da erleen egungo egoera? saioa. Erleak eta nekazaritza salbatu ditzagun lanaren aurkezpena egingo du Luis Ferreirim Greenpeaceko kideak.
- 10:30etik 11:30era. Zer gertatuko litzateke erlerik egon ezean? saioa erleen garrantzia nabarmentzeko. Hizlariak: Iñaki Gonzalo biologo eta apiterapeuta, Elias Otegi erlezain ekologikoa, Joserra Diez biologia doktorea eta EHUko irakaslea, eta Mikel Kormenzana nekazari eta abeltzain ekologikoa, eta mermelada ekologikoen egilea.
- 12:00etan. Zer egin dezakegu? saioa. Javi Larrinaga Bizkaiko Erlezainen Elkarteko kideak asiako liztorraz egingo du berba. Gau egungo egoeraz, eta hartu beharreko babes neurrietaz ariko da Kortezubikoa.
- Ostean. Erleen Lagunak Fundazioaren aurkezpena. Amaitzean, jardunaldietako ondorioak zehaztuko dituzte.
- 14:30ean. Lagunarteko bazkaria. Ortutik Ahora Elkarteak menu ekologiko bat prestatuko du. Horretarako, erleei esker lortutako zenbait produktu erabiliko ditu elkarteak.