Bermeoko Eleizalde ikastolak jarritako autobusak Gernika-Lumoko Seber Altube ikastolako ikasleak ere batuko ditu. Deialdia, baina, ez dago bakarrik ikastoletako ikasle eta gurasoei zuzenduta. Hala, gura duten herritarrek eman dezakete izena, autobusa bete arte. Manifestazioa zapatuan izango da 16:00etan hasita, Ziburun (Lapurdi) bertan. Kaskarotenea ikastolaren egoera eta auzapezaren jokaera salatuko dituzte manifestazioan batzen direnek.
Bermeotarrek zein gernikarrek Eleizalde Ikastolagaz harremanetan jarriz eman behar dute izena. Hain zuzen, barikura arte eman dezakete izena interesatuek, bederatzi euro ordainduta. Autobusa 13:30ean aterako da Bermeoko Lameratik. Ostean, Gernika-Lumon egingo du geldialdia. Gernikarrek 94-618 75 93 telefono zenbakira deituz eman behar dute izena.
Ziburuko Ikastolaren egoera oso kaxkarra da, eta Guy Poulou herriko auzapezak hainbat traba jarri dizkio ikastolari azken hilabeteetan. Urri erdialdera jakinarazi zuen, esaterako,
Omiasainduko oporren ostean argindarra kenduko ziola Ziburuko ikasltolari, eta, hala egin du Laida Mujika Kaskaroteneako lehendakariak salatu duenez.
Bestalde, atzo, isuna ordaintzeko une berean heldu zen hamaikagarren albiste txarra Ziburuko Kaskarotenea ikastolarentzako: auzitara jo du berriro Guy Poulou Ziburuko auzapezak, ikastolari isun handiagoa ezar diezaioten eskatuz. Orain arte, egun bakoitzeko 100 euroko zigorra ordaindu du ikastolak, baina kopuru hori 400 eurora igotzeko eskatu du Poulouk. Auziaren eguna zehaztu gabe dago.