Bermeoko Udalaren Kirol Patronatuak eta Bermeo Txirrindularitza Taldeak antolatutako kirol jarduera hori domekan izan zen. Antolatzaileak “pozik” agertu dira aurtengo parte hartzearekin, nahiz eta iazkoa baino baxuagoa izan den. Aurton, 180 txirrindularik parte hartu dute, hain zuzen ere.
Adin guztietako herritarrak erakarri nahi ditu ziklokros egunak, horretarako, sei lasterketa antolatzen dituzte. Aurten, baina, nagusien parte hartzea areagotzea izan dute helburu nagusi. Pedro Bilbao Bermeo Txirrindularitza taldeko kideak azaldutakoaren arabera, “nahiz eta domekan bertan guraso batzuk animatu ziren, ez dugu lortu nahi genuena”. Datorren urtera begira, hala ere, beste saiakera bat egingo dutela esan du, “beste buelta bat eman beharko diogu probari”.
Bermeo Txirrindularitza taldeko kideek, bestalde, kexka agertu dute domekan ez zelako Bermeoko Udaleko ordezkaririk hurbildu ziklokros egunera.