Haritz Orbe –eskuman– txirrindulari gernikarrak podiuma zapaldu zuen Espainaiko 23 urtez azpikoen txapelketan.
Euskal Herrian «erreferente» izateko asmoz sortu dute taldea eta hamabi txirrindularik osatuko dute: Aritz Bagues, Ander Barrenetxea, Mikel Bizkarra, Gari Bravo, Imanol Estevez, Egoitz Garcia, Adrian Gonzalez, Ion Ander Insausti, Unai Intziarte, Eneko Lizarralde, Haritz Orbe eta Beñat Txoperena.
Orbek azaldu legez, Murias enpresak eta Jon Odriozolak sustatutako «azken orduko proiektu bat da» Murias Taldea sortzearena, eta oraindik infornazio gutxi duen arren, bertan parte hartzeko «ilusioz» dela aitortu du.
Asteon dira biltzekoak Murias taldekoak; hala, datozen egun eta asteotan, materiala probatzeari eta elkar ezagutzeari ekingo diote, besteak beste. Izan ere, txirrindulari danak euskaldunak izan arren, batzuk ez dute elkar ezagutzen. Oro har, taldearen funtzionamendua martxan jartzeko asteak izango dira datozenak, Orberen arabera.
Murias taldean arituta, aparteko motibazioa jasotzea espero du Gernika-Lumoko txirrindulariak, eta, bertatik aukera bat ere eskuratu gura duela aitortu du. Azkenaldiko egoera kontuan hartuta, horrelako «apustu gogor bat» egiteak euskal txirrindularientzako «mesede izugarria» suposatuko duela gaineratu du.
Hala, atsedenaldia amaituta, martxan hasteko hilabetea izango du azaroa gernikarrak. Denboraldiari begira entrenatzen hasiko da gainontzekoekin batera, baina «denboraldian izaten den estres barik». Otsailera arte ez dituzte lasterketak hasiko, beraz, lasaitasunagaz hartuko dute, momentuz, prestakuntza.
Oraindik lasterketen egutegirik ez dutela azaldu du Orbek; hala ere, ohiko lasterketak izatea aurreikusten du: alegia, Euskal Herrikoak, Espainiakoak, Frantziakoak eta Portugalekoak.
Helburuak taldearen beharrizanen arabera
Horietan, taldeak eskatzen duena ematera aterako da gernikarra errepidera; beraz, 2015erako izango dituen helburuak taldearen beharrizanen araberakoak izango direla adierazi du.
2014a gernikarraren urterik onena izan ez dela aitortu duen arren, Odriozolak berarenganako konfiantza berretsi du. «Afizionatuetan nire zuzendaria izan zen Odriozola, eta, orain, berak uste zuen maila dudala erakustea espero dut», adierazi du Orbek. Horretarako, baina, lan asko egin eta motibazioa bilatu beharko du