24 hilabete zaharberritze lanetan aritu ostean, ateak ireki ditu gaur museoak. Bizkaiko Foru Aldundiak lau fasetan egin ditu lanok. Horien eraginez, Arrantzaleen Museoak aurpegi berria du, museoko ekipamenduak eta erakusketa espazioak ere asko hobetu dira. Hala, gaurtik aurrera museoa bisitatzera hurbiltzen direnek, inoiz baino hobeto ezagutu eta balioetsi ahalko dute pertsonen eta itsasoaren arteko lotura, hau da, arrantzaleen benetako bizimodua. Lanok egiteko, Aldundiak 1.200.000 euroko inbertsioa egin du.
Bizkaiko ahaldun nagusi Jose Luis Bilbao, Miren Josune Ariztondo kultura diputatua, lehendkaritza diputatu Unai Rementeria, Bermeoko alkate Idurre Bideguren eta zenbait zinegotzi batu dira goizeon ireki berri duten Arrantzaleen Museoan, haren zaharberritutako instalazioak bisitatzeko.
Arrantzaleen Museoa, “museo bat baino gehiago” dela azaltzen zuen atzo ahaldun nagusiak: “gure memoria historikoa jaboteaz gain, arrantzaleei, saregineei eta itsasoagaz lotutako beharginei omenaldia egiten baitio”. Museoa, gainera, Bermeorentzako eta inguruentzako “motore ekonomikoa eta turistikoa” dela aipatu du Bilbaok. 2012an, ateak zarratu aurretik, urtarrila eta urria bitartean, museoak 14.000 bisitari baino gehiago izan zituen, orain zaharberritze lanok egin ostean, bisitari kopurua bikoiztea espero dute.
Aurpegi «guztiz berria» dakar museoak eta zaharberritze lanak egin aurretik lekua ezagutzen zutenek, aldaketak nabarituko dituzte.
Bermeoko alkate Idurre Bidegurenek, bestalde, museoan egindakoa «obra bat baino gehiago» dela esan du. Haren hitzetan “apustu sendoa” izan da, “kontzeptu berria dakarrena, modernitate puntu batekin”, aipatu du. Proiektua, gainera, garrantzitsua dela uste du alkateak, “arrantzaren mundua gure ondorengoei transmitzeko, eta baita Bermeora eta Euskal Herrira bertaratzen direnei erakusteko ere”.
Irisgarritasuna bermatu dute
Eraikina goitik behera zaharberritzeaz gain, irisgarritasuna, zerbitzuak eta funtzionalitatea hobetu dituzte, besteak beste.
Zaharberritze lanak lau fasetan egin dituzte. Estalkia konpontzeari ekin zioten lehendabizi. Hala, egurrezko estalkia kendu dute, egitura berria egiteko. Guzti hori, murruaren goiko aldeari eragin barik. Hargintza lanak ere egin dituzte beste fase batean. Kalteak zituzten egiturak indartu dituzte. Obra zibilari dagokionez, oztopo arkitektonikoak kendu eta beharrezkoak ziren lanak egin dituzte; saneamendua, iturgintza, argindarra…gainera, lehen ez zegoen estalkira igotzeko eskailerak egin dituzte. Azkenik, erakusketa eremuak ere nabarmen hobetu dituzte. “Eguzngo irizpide museografikoei jarraituta, erakusketa ulergarriagoa jarri da, ikus-entzunezko baliabide erakargarriak jarrita”, azaldu dute.
Horrez gain, eraikinaren garrantzia nabarmentzeko egin dituzten ikerketa lanetan, iraganeko aztarnak aurkitu dituztela aipatu dute. Hain zuzen ere, lau bao historiko agertu direla zehaztu dute, hiru errenazimendu garaikoak eta bestea gotikokoa. Bestalde, eraikinaren barruan, errenazimendu garaiko hiru arku ere agertu direla azaldu dute. Horien guztien garrantzia nabarmendu dute.
Bermeoko saihesbidetik herrirako sarbide bat egitea eskatzen dabilen
Bermeo Bizirik taldeko zenbait kidek Jose Luis Bilbao ahaldun nagusiak Bermeora egin duen bisita aprobetxatu nahi izan dute, beste behin ere, gai hori lantzeko eskaera eginez. Bilbaok gaur esan duen moduan “uste dut epe laburrean gai izango garela mahai gainean konponbideak jartzeko, eta hori onuragarria izango da bermeotar guztientzako”.
http://youtu.be/X1OgbFjDL-A
http://youtu.be/yEgjG5gsM28