Asteburu gazi-gozoa izan da Busturialdeko futbol taldeentzat
Gernikak irabazi egin du, baina Bermeok galdu. Gernikarrek 1-0 menperatu zuten Oiartzun (Gipuzkoa) azken sailkatua. Gernikarrentzat, hala ere, ez zen partida erosoa izan. Oiartzuarrak puntu bat lortzekotan izan ziren, baina, 94. minutuan penaltiz sartutako golak garaipena eman zien bertokoei. Hain zuzen, Imanol Etxabek sartu zuen garaipenaren gola, etxeko zaleen lasaitasunerako.
Partida irabazita, Gernikak play-offen borrokan sartuta jarraitzen du. Seigarren sailkatua da bertoko taldea, hemeretzi puntugaz. Beasain bigarren sailkatua, hala ere, oso gertu dago; hiru puntu gehiago dauzka bakarrik. Arenas lehen sailkatuak, bestalde, 29 puntu ditu.
Bermeoko Futbol Taldeak 2-1 galdu zuen Berioren (Donostia; Gipuzkoa) zelaian. Atsedenaldian 0-0ekoa islatzen zuen markagailuak, baina bigarren zatiaren hasieran 2-0 aurreratu ziren gipuzkoarrak. 60. minutuan 2-1ekoa sartu zuen Josuk, baina bermeotarrak ez ziren gai izan bigarren gola sartzeko.
Asteburuan galduta, Bermeo sailkapen orokorreko hamabigarren postuan dago hamahiru puntugaz.