Uztailean aurkeztu zuten gida
Urriaren 28an, martitzenean, argitaratu zen
LokaLeku parte hartze prozesuaren baitan adostutako Bermeoko gazteen lokalen elkarbizitzarako gida Bizkaiko Aldizkari Ofizialean. Hala, herriko gazteek, orain, sei hilabeteko epea dute gida horrek jasotzen dituen betebeharrak betetzeko, hau da, apirilaren 29ra arte. Uztailean kaleratu zuen Bermeoko Udalak gida hori, lokalen jabeekin, auzokideekin eta gazteekin adostasunetara iritsi ondoren. Bermeoko gazteen lokalen elkarbizitzarako gidaren helburua, lokalen erabiltzaileen eta auzokideen arteko elkarbizitza hobetzea eta segurtasun arazoak ekiditzea da.
Gida horrek, lokalak erregistratuta egotea eskatzen du, Berh@z bulegoan egin beharrekoa. Horrez gain, lokal bakoitzak gutxieneko baldintza batzuk bete beharko ditu: argia, ura, komuna, su-itzalgailuak, eta larrialdietarako argiak izan beharko dituzte, besteren artean. Aforoa ere, errespetatu beharko dute gazteek. Gidak, bestalde, zaraten inguruko baldintza batzuk zehazten ditu eta ordutegia errespetzea ere eskatzen du.
Bermeon, gazteen 37 lokal inguru daudela jakinarazi dute Bermeoko Udaleko Gazteria eta Partaidetza sailetik, eta horietako batzuk dagoeneko erregistratu direla aipatu dute. Lokalak erregistratzeko eskari orriak Berh@zen, Gazte Informazio Zerbitzuaren (GIZ) bulegoan eta web orrialdean eta Bermeoko Udalaren web orrialdean aurki daitezke.