Errota, burdinola eta zentralak ezagutzeko ibilbidea egingo du Goi Zalek azaroaren 8an
Gernika-Lumoko eta Muxikako errotak, burdinolak eta zentralak ezagutzeko aukera emango du Goi Zale mendi taldeak azaroaren 8an. Parte hartu nahi dutenek izena eman beharko dute aurretiaz taldearen bulegoan.
Hain zuzen, Gernika-Lumoko autobus geltokitik abiatuko dira egun horretan 07:30ean, eta 18 eta 22 kilometro bitarteko ibilbidea izango dute aurretik. Hasieratik bukaeraraino eginez gero, 22 kilometroko ibilbidea bada ere, parte hartzaileek bidea laburtzeko aukera izango dute Zugastietan edota Ariatzan garraio publikoa hartuta.
Hala, honakoa izango da parte hartzaileek egingo duten ibilbidea: Oromiño-Maume-Unda-Ibarruri-Zugastieta-Oka-Ariatza-Ordorika (Goltzarri)-Eperlanda-Kanpantxu-Gernika-Lumo (Oromiño erreka, Otxortia, Aiuriako erreka, Oka ibaia, Pardillako erreka, Sarraka erreka, Paguko erreka, Lamiña erreka eta Kosnoaga mendia).
Bide horretan zehar, 25 errota, burdinola eta zentral baino gehiago ikusteko aukera izango du ibiltariak.
Hain zuzen, bazkide diren parte hartzaileek 3 euro ordaindu beharko dituzte (autobusaren prezioa), eta gainontzekoek, berriz, 5 euro. Horretarako, martitzenean zein eguenean joan beharko dute Goi Zale mendi taldearen bulegora 20:00etatik 21:30era.
Taldekoek jakinarazi dutenez, parte hartzaile bakoitzak bere jatekoa eta edatekoa eraman beharko du.