Motor hotsak Kortezubiko Eleizalde auzoa hartuko du, bihar. Gernika Off Road taldeak antolatuta, Dakar Jaia egingo dute Busturialdeko herrian, eta motor zaleak bertara hurbildu daitezen nahi dute antolatzaileek. Jaialdiaren helburu nagusia dirua batzea da, Txomin Aranak Dakar lasterketa ziurtasun osoz lehiatzeko aukera izan dezan.
Juanjo Bilbao Gernika Off Road taldeko kideak jakinarazi duenez, “Aranak bai ala bai lehaituko du Dakarra”. Hala ere, batutako diruaren arabera “erraztasun gehiago ala gutxiago” izango ditu.
Motor taldeko ordezkariaren berbetan, “duela zenbait hilabete zehaztutako diru kopurura heltzeko laurden bat falta zaigu gutxigorabehera”. Hala, aitortu du datozen asteetan kopuru horretara heltzea gustatuko litzaiokela. Ereñoko moto gidaria diruz lagundu nahi dutenek crowdfunding bidez egin dezakete. Hain justu, www.sponsorto.com helbidean egin daitezke diru sarrerak. Gutxieneko ekarpena 20 eurokoa da.
Bilbaok dioenez, «inguruko motor zaleak itxaropentsu daude». Izan ere, Marokoko Merzouga Rallyan zorte handirik izan ez arren, emaitza oso onak lortu ditu ereñarrak. Hala, Dakarrari ilusioz gainezka ekingo dio.
Aranaren motorra, adibidez, laster joango da Hego Amerikara, azaroaren 22rako bidali behar baitute itsatsuntziz.
Giro ederrean batuko dira
Motor eta kotxe zaleek ez dute aspertzeko aukerarik izango bihar. Bilbaok azaldu duenez, “bertaratutakoek ederto pasatzeko aukera izango dute, hainbat jarduera izango baitira aukeran”. Lagunarteko bazkarian, esaterako, 250 lagun inguru batuko dira. Bestalde, Gernika Off Roadek doako autobus zerbitzua jarriko du Kortezubira joateko. Hain zuzen, 13:00etan, 21:00etan, 23:00etan, 01:00etan eta 03:00etan egongo da autobusa. Jai eguneko egitarau zehatza
Dakar Festako webgunean dago ikusgai.