Gernika-Lumoko saskibaloi taldeak ezin izan dio jarraipena eman bolada onari. Hala, denboraldiko lehen partida galdu du Gernika Bizkaiak, ligako bosgarren jardunaldian. Taldeak partida zaila aurreikusten zuen atzorako, eta hala izan zen. Partida galduta sailkapeneko laugarren postura bajatu dira gernikarrak.
Gernika Bizkaiak 62-67 galdu zuen Huelvako Conquero taldearen kontra. Etxeko zaleen babesa izan arren, bertokoek ezin izan zuten Conquero menpean hartu. Huelvakoek esperientzia handiko taldea direla erakutsi zuten, eta une erabakiorretan aukeraketa onak egin zituzten. Gernikarrek, bestalde, baloi jabetza asko galdu zituzten, eta ez zuten asmatu kanpoaldeko jaurtiktetan.
Partida orekatua izan zen atzokoa. Atsedenaldian, esaterako, markagailuak 28-31koa islatzen zuen, eta hirugarren laurdenaren bukaeran puntu bakarreko aldea zuen Conquerok.
Partida amaitzeko 2 minutu eta 40 segundura gernikarrak aurretik jarri ziren, 60-59. Partida amaierara arte, hala ere, Conquerok hobeto jokatu zuen, eta jaurtiketa libreei esker garaipena lortu zuen.