
Domekan izango den jarduera horretan umeek zein nagusiek parte har dezakete, hala ere, nagusien parte hartzea areagotu nahi dute. Udalaren Kirol Patronatuak eta Bermeo Txirrindulari taldeak antolatzen duten kirol jarduera horretan, iaz 180 umek eta gaztek parte hartu zuten. Nagusien kopurua, baina, txikia izan zen, zortzik bakarrik parte hartu baitzuten. Hori dela eta, Kirol Patronatutik nagusiei dei egiten die: “kirola egin behar dugu eta gure umeen eredu izan behar gara”, azaldu dute.
11:00etan emango diote hasiera domekako ziklokros egunari, eta ohi legez, Burujabetasun zelaian izango da. Izaera herrikoia eta soziala duen lasterketa da domekakoa. Adin guztietako herritarrak erakarri asmotan, sei lasterketa antolatu dituzte, adinaren araberakoak. Ordutegia hurrengoa izango da:
- LH 1. maila: 12:05ean.
- LH 2. maila: 11:50ean.
- LH 3 eta 4. mailak:11:30ean.
- LH 5 eta 6. mailak: 11:00etan.
- DBH 1, 2,3 eta 4. mailak eta nagusiak: 12:15ean.
Aurrekoetan bezala, parte hartzaile bakoitzak bere kaskoa eroan beharko du eta horren erabilera derrigorrezkoa dela aipatu dute antolatzaileek.
Ikasleek ikastetxeetan eman beharko dute izena
Dagoeneko zabalik dago IV, ziklokros egunerako izena emateko epea. Nagusiek Araneko kiroldegira jo beharko dute izena emateko, ikasleek ordea ikastetxeetan egin beharko dute. Izan ere, domekan bertan ezingo dela izena eman adierazi dute.
Izena ematerako orduan, parte hartzaile bakoitzari eskumuturreko bat emango diote, lasterketa egunean eroan beharrekoa. Nagusiek kiroldegian bertan hartuko dute, ikasleek, berriz, ikastetxeetan.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, lasterketa amaitzerakoan parte hartzaileek Araneko kiroldegian dutxatzeko aukera izango dute.