Matxitxako eta Gaztelugatxe lotuko dituen ibilbidea egitea aurreikusten du Bermeoko Udalak
Bermeok dituen altxorrak bisitariei zein herritarrei erakutsi asmoz, itsas ondarea oinarri duten ibilbide berriak egin ditu Bermeoko Udalak, eta horiek erakusteko plano eta fitxa berriak ere kaleratu dituzte. Bestalde, Gaztelugatxeko San Juan eta Matxitxakoko lurmuturra lotuko dituen oinezkoentzako bidea egitea ere aurreikusten dela azaldu du Bermeoko alkate Idurre Bidegurenek, «proiektuak badaude mahai gainean, baina eskumena duten erakundeekin zehaztu beharreko gauza da».
Euskal Herrian gehien bisitatzen den lekuetariko bat da Bermeoko Gaztelugatxeko San Juan. Aurten bisitari kopuruak gora egin duela esan du Irune Ormaetxea Turismo zinegotziak, «izan daiteke zazpi mirari naturalen artean lehenengoa izendatua izan delako». Gaztelugatxeko San Juaneko turismo bulegotik pasatu diren bisitariak gora egin dute aurton uztailean eta abuztuan, 32.325 bisitari, hain zuzen. Iaz, data berdinetan 27.466 lagun zenbatu zituzten, berriz. Hori dela eta, ingurua egoera onean egotea «garrantzitsua» dela nabarmendu du, «bisitarien itxaropenei ez huts egiteko». Guneari indarra emateko Bizkaiko Foru Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin lanean ari direla aipatu dute eta Matxitxakoko lurmuturra eta Gaztelugatxe lotuko dituen ibilbide bat egitea aurreikusten dela aipatu dute. Hala ere, oraindik lanean dabiltzala azaldu du Bermeoko alkateak.
Inguru horrek, gainera, ahuleziak dituela diote «aparkaleku falta» dagoela zehaztuta. Bidegurenen arabera, «bisitariei erraztasunak eman behar zaizkie. Autobus asko hurbiltzen baitira gunera eta ez dago horiek uzteko lekurik. Horretarako ere eskumena duten erakundeekin lanean ari gara eta zenbait proposamen badaude jada».
Herriko turismoak «gora»
Ekainetik irailera bitartean Bermeoko Turismo Bulegora hurbildu diren bisitari kopuruak aurten «gora» egin duela azaldu dute. Hain zuzen ere, 18.331 pertsona izan dira informazio bila pasa direnak, iaz baino 375 lagun gehiago. Bertaratutako autobusak ere, gehiago izan dira aurton, 420 etorri baitira. Udalak horientzako aparkaleku bat ahalbidetzeko apustua egin zuen orain dela hilabete batzuk Erreten parkean, eta erantzun «ona» izan duela adierazi dute.
Uda honetan Bermeora hurbildu diren turistek, gainera, ibilbide berrietaz gozatzeko aukera izan dute. Ibilbide horiek itsas ondarea dute oinarri eta herriko altxorrak erakustea dute helburu. Horiei buruzko informazioa Turismo Bulegoan jaso izan ahal dute, plano eta fitxa berriak kaleratu baitituzte. Hiru dira, hain zuzen ere, nabarmendu dituzten ibilbideak:
- ‘Gaztelugatxeko San Juan, Matxitxako eta Tala’: gune horiei buruzko planoak eta informazioa jasotzen du.
- ‘Bermeo, itsas ondarea’: Bermeoko toki ederrenetarikoak zeharkatzen duen ibilbidea eta planoa eta horiei buruzko informazioa jasotzendu: Lamera, Aita Guria baleontzia, Arrantzaleen Kofradi Zaharra, Gazteluko begiratokia, Santa Eufemia eliza, Goizeko Izarra, Arrantzaleen Museoa, Portuko iturri biak, Portuko eskulturak, Baztarre eta Tala.
- ‘Bermeo, Herriaren ondarea’: Andra Mari eta Santa Eufemia elizak, San Frantzisko klaustroa eta komentua, Ertzilla Dorrea, San Juan portale, udaletxea, Doniene 9ko eta 13ko etxebizitzak, Portuko iturria eta Nestor Basterretxearen serie kosmogonikoa jasotzen dira.
Bego Gangoiti turismo teknikariaren esanetan, «bisitari bakoitzari eskatzen duen informazioaren fitxa ematen diogu karpeta baten barruan. Hala, bisitarien interesak zeintzuk diren jakiteko errazago dugu».
Aita Guria baleontziaren bisitak ere nabarmendu dituzte, 1.981 bisitari, hain zuzen: «sei bisita gidatu eskaini dira egunero, eta asetasun maila oso ona izan da».
«Guztien lana beharrezkoa»
Alkateak turismo jasangarriaren aldeko apustua berretsi du, Bermeok «potentzialtasuna» duelako eta «baliabide ekonomikoa» ere badelako. Horretarako, baina, udaleko sail guztien arteko elkarlana beharrezkoa dela esan du, baita herritarrena ere.