
Polizia ikerketa iraila aldera hasi zuten, Gernika-Lumoko gertakari baten harira. Orduko hartan, Ertzantzak bi pertsona atzeman zituen, adingabe bati marihuana saltzen saiatzeagatik. Autoan zihoazen bi pertsonak identifikatzen ari zirela, Ertzantzak bost boltsa aurkitu zituen kalamuz beterik. Hain zuzen, 507 gramo zeramatzaten boltsa horietan. Ertzantzako agenteek bi gizonak atxilotu zituzten, epailearen esku jarriz.
Zenbait astetako ikerketaren ostean, Ertzantzak marihuana landaketa bat aurkitu zuen Ereñon, duela aste bete. Bertan, 80 kalamu landare aurkitu zituzten. Landare horiek lehortze fase desberdinetan zeuden, eta horietako zenbait saltzeko prest. Landareez gain, Ertzantzak kalamuaren landaketarako erabiltzen diren 15 argi eta erauzgailuak aurkitu zituen.
Bi lagun inputatu dituzte marihuana landaketaren jabe izateagatik. Ertzantzaren ustez, landaketaren jabeak eta irailean atxilotutako lagunak erlazioa daukate. Lehenengoek bigarrenei saltzen zieten kalamua. Auzipetuak epailearen aurretik pasatu behar dute orain.