
Emakumezkoen Lehen Mailako talde igoberri batek lehen aldiz irabazi ditu ligako lehen lau partidak. Hala, Gernika Bizkaiak denboraldia primeran hasi duela islatzen dute orain arteko emaitzek. Mailaz mantentzeko helburuagaz hasi zuten denboraldia gernikarrek, baina apurka-apurka amets egiteko eskubidea irabazten ari dira. Momentuz, jokatutako lau partidak irabazita, Lehen Mailako
lidertzan dira bertoko neskak.
Gran Canariaren kontra jokatutako ligako azken partida 72-55 irabazi zuen Gernika Bizkaiak. KESBekoek hasieratik hartu zuten aurrea markagailuan, garaipena nagusitasun handiagaz lortuz. Hutsune bat aipatzekotan, hiruko jaurtiketak dira gernikarrek landu beharrekoa. Izan ere, hiruko marratik asmatuz gero, partida lehenago apurtuko luke bertoko taldeak.

Atsedenaldirako hamahiru puntuko aldea zuten gernikarrek. Bertokoek talde lan bikaina egin zuten arlo gehienetan, Gran Canariako jokalari garrantzitsuenak geratuz.
Atsedenalditik bueltan partida apurtzeko aukera izan zuen Gernika Bizkaiak. Hala ere, bertoko neskek saskiratze errezak lortzeko zenbait aukera galdu zituzte, joko disdiratsuagoa egiteagatik. Arazoak-arazo, baina, markagailuak 42-31ko emaitza islatzen zuen hirugarren laurdenaren amaieran.
Azken laurdenean, gernikarrek eroso jokatu zuten, aldea gehiago zabalduz. Ohi bezala, defentsako lan ikaragarria egin zuten bertokoek.