
Espero baino hobeto egin du, eta, horrenbestez, «pozik» da Ereñoko moto gidaria, lasterketa «nahiko ondo» eginda.
Merzouga Rallya bezalako lasterketetan «esperientzia gutxi» duela aitortu du moto gidariak; hala ere, ikasteko balio izan diola aipatu du. Motoaren nabigazio gailua erabiltzeko aukera ere izan du bertan: «Nabigazio asko duen lasterketa izanik, zail samarra izan da; dena den, ondo etorri zaigu, hori entrenatzera joan gara-eta», azaldu du.
Lehenengo etapako kontrol-puntu batean huts eginagatik, ordu beteko zigorra jaso zuen; horregatik izan ez balitz, hirugarren postuan bukatuko luke Aranak Merzougan. Lasterketan motoagaz arazorik izan ez duen arren, lesio txiki bat izan du sorbaldan. Horrek, hala ere, ez dio lasterketa postu onean bukatzea trabatu.
Lehenengo etapako zigorraren ondorioz, 29. postuan bukatu zuen egun horretan Aranak; bigarrenean eta hirugarrenean, berriz, bosgarren sailkatu zen, eta laugarren eta bosgarrenean, azkenik, hirugarren.
Orain, Dakarrera begira da ereñarra. Hilabete biren faltan, bertako probarako entrenatzeari ekingo dio moto gidariak. Dakarren, gainera, moto berriagaz lehiatuko duela aurreratu du.
Etapak
Lehenengo etapa. 29. postua, 05:10:53 denbora eginda (odubeteko zigorra).
Bigarren etapa. 5. postua, 05:18:31 denbora eginda.
Hirugarren etapa. 5. postua, 04:59:41 denbora eginda.
Laugarren etapa. 3. postua, 03:54:21 denbora eginda.
Bosgarren etapa. 3. postua, 01:26:30 denbora eginda.