Jendetza batu da Urriko Azken Asteleheneko azokan
https://www.youtube.com/watch?v=YdeMpDlsnwk&feature=youtu.be
Azokaz gain, bertso saioa eta gaztaren ekantea ere egin dituzte urtero bezala. Bertso saioa 13:30ean hasi da, eta Andoni gaña, Sebastian Lizaso eta Sustrai Colina ariko dira bertsotan. Saioaren ostean egingo dute gaztaren enkantea.
Datu zehatzak eman ez arren, 100.000 lagun inguru batzea aurreikusten dute antolatzaileek. Aurten, gainera, iaz ez bezala, eguraldiak lagundu egin du. Hala, Gernika-Lumo jendez gainezka izan da.
Bizkaibuseko beharginek greba mugagabea hasi dutela eta, gutxieneko zerbitzuak izango dira autobusetan. Euskotrenek, baina, zerbitzu berezia jarri du martxan gaurko egunerako.
Arratsaldean kirola
Ohi legez, Urriko Azken Astelehenean ere ez dira faltako kirol ekitaldiak. Hain zuzen, zesta punta eta esku pilota partidak jokatuko dituzte Gernika-Lumon.
Jai Alaiko zesta punta jaialdia, esaterako, 17:20an hasiko da, Gernikaren eta Biarritzen arteko partidagaz. Ostean, Barandika eta Lekerika Munduko Txapeldunek Frantziako selekzioaren kontra neurtuko dituzte indarrak. Jaialdia amaitzeko Fiakum DJ taldeak musika jarriko du.
Santanapen, bestalde, lau terdiko txapelketaren partida jokatuko dute Retegi Bik eta Saralegik. Aurretik, baina, binakako partida jokatuko dute bertoko frontoian. Hain zuzen, Arretxe IIak eta Aretxabaletak Artolaren eta Apraizen kontra jokatuko dute. Jaialdia amaitzeko, Rezustak eta Jakak lau terdiko promozio txapelketako partida lehiatuko dute. 18:00etan hasiko da esku pilota jaialdia.




























