
Iriondo (ezkerretara), Panizo, Zarra, Venancio eta Gainzagaz batera
Rafa Iriondo Aurtenetxea (Gernika-Lumo; 1918) Athleticen aurrealde famatuenaren kideetako bat zen, Zarra, Panizo, Gainza eta Venanciogaz batera. 40ko eta 50eko hahamarkadetan, 550 gol sartu zituen aurrelari talde horrek, aurkarien artean errespetu handia eraginez. Iriondo urriaren 24 baten jaio zen. Hala, gaur 96 urte beteko ditu Gernika-Lumoko bizilagunak.
Jokalari eta entrenatzaile ohia Athleticen aurrealdean egin zen famatu, baina ez zen erraza izan bertara heltzea. Gernikarrak herriko taldean hasi zuen futbol ibilbidea, baina partida bakarra jokatu zuen. 36ko gerrak Iriondoren kirol ibilbidea zapuztu zuen zenbait urtez, baina bertoko bizilagunak ez zuen futbolarekiko zaletasuna galdu. Zenbait elkarriketetan aipatu zuenez, “gerra garaian ere futbolera jokatzen genuen”. Batailoien arteko futbol partidak ziren, eta sarritan frontetik gertu jokatzen zituzten. “Momentu txarretan ere futbolean aritzeko denbora ateratzen genuen”.
36ko gerra amaituta, Iriondo Bizkaira bueltatu zen. Hain zuzen, zerbitzu militarra betetzea egokitu zitzaion Bilboko Garellano kuartelean.
Gernikarrak futbolagaz maiteminduta jarraitzen zuen, eta zerbitzu militarra betetzen ari zela, San Mamesen egiten ziren probetako batera joan zen. Hautatzaileek jokalari handia izan zitekela ikusi zuten eta Athleticen familian sartu zen.
1940ko irailean egin zuen debuta Athleticen lehen taldeagaz. Valentziaren zelaian jokatu zuten, eta binako emaitzagaz amaitu zen neurketa. Iriondoren berbetan, “Zarrak ere debuta gin zuen partida horretan, eta bi gol sartu zituen”.
Gernika-Lumokoak, baina, bereziki gogoratzen du San Mamesen jokatutako lehen norgehiagoka. 0-5 galdu zuten zuri-gorriek, baina oroitzapen ederra gordetzen du. “Ikaragarri handia zen Bilbon jokatzea” esan du behin baino gehiagotan.
Zarraz ere oroitzapen oso onak ditu Iriondok. “Buruz errematatzeko abilezia handia zeukan, eta ni oso ondo moldatzen nintzen beragaz”. Elkarrizketa baten aipatu zuenez, entrenamenduen ostean erdiraketak eta erremateak praktikatzen zituzten. “Denboraren poderioz ez nuen begiratu ere egin behar izaten; Telmo beti zegoen errematatzeko prest. Jokalari aparta, eta lagun handia zen niretzat”.
Aurrealde famatuagatik galdetzen diotenean, zelaian 11 jokalari egoten zirela gogorarazten du gernikarrak. “Aurrelariok ezin genuen partidarik irabazi, gainontzeko sei jokalariek lagundu ezean”. Iriondok beti esan du, taldeko kide izateaz gain, lagun handiak zirela Athleticeko jokalariak. “Elkarrekin egiten genuen guztia; entrenatu, jokatu eta ondo pasatu”.
Hamahiru urtez jokatu zuen Iriondok Athleticen. Urte guzti horietan 115 gol sartu zituen. Taldeak, bestalde, liga bat eta lau kopa irabazi zituen. Athleticegaz jokatu zuen azken partida 1953ko Kopako finala izan zen. Zuri-gorriek finala galdu zuten, eta aurrealde famatuenaren gainbehera hasi zen. Athletic taldea utzi ostean, Barakaldon eta Errealean ere jokatu zuen bertokoak, 1955ean erretiroa hartu arte.
Entrenatzaile bezala ere
Entrenatzaile bezala ere aritu zen Iriondo. Besteak beste, Athletic eta Betis taldeen gidaritza hartu zuen. Bi talde horiekin, gainera, Kopa bana irabaztea lortu zuen. Hala, guztira zazpi titulu irabazi zituen bere ibilbidean.