
Gernika-Lumoko film laburren
Pura Caspa jaialdia adin nagusitasunera helduko da zapatuan. Hain zuzen, hemezortzi urte beteko ditu zine jaialdiak, eta SkateBlack Lagunak taldeko kideek egitarau erakargarria prestatu dute urtero bezala. 19:15etik aurrera hasiko dira lanak proiektatzen, Lizeo Antzokian.
Rober Garay antolatzaileetako batek jakinarazi duenez, Gernika-Lumoko jaialdia klasiko bat da dagoeneko. Hala, zine zaleek gustuko duten ospakizuna dela deritzo.
Aurten ere, Espainiako film laburren jaialdietan aurkeztutako hainbat lan proiektatuko dituzte Lizeon. Hala ere, ez dira izango egunerako antolatu dituzten proiekzio bakarrak. Izan ere, jaialdian sorpresa asko izango direla ohartarazi du Garyk. Besteak beste, eskualdeko zuzendarien pare bat lan izango dira ikusgai.
Ohiko film emanaldiagaz batera, bestalde, opariak zozkatu eta banatuko dituzte. Amaieran, berriz, luncha jateko aukera izango dute bildutakoek. Garayk nabarmendu duenez, «ondo pasatzeko aukera paregabea da jaialdia, lagunarteko giro itzela izaten dugulako».
Pura Caspa jaialdia Gernika-Lumoko zine zaleen lanak proiektatzeko antolatu zuten lehenengoz, baina, ordutik asko hazi da. Dagoeneko, Alex de la Iglesia, Kepa Sojo, Nacho Vigalondo, Xabier Larrondo, Paul Urkijo, Koldo Serra eta Ruben Ontiveros bezalako zinemagileek parte hartu dute film laburren jaialdian.
Urtero bezala, umore beltza, B seriea, komikiak, ahoberokeria, gorea eta azken tendentzia berritzaileak jorratuko dituzte antolatzaileek. Garayren bebetan, «aurrekontu txikiko lanak dira, baina kalitate handikoak».
Proiektatuko dituzten film laburrak
- Borja Perezen bideo tutoretzak (15min). Ruben Ontiverosek zuzenduta.
- Dientes de otro (19min). Manuel Ortega Lasagak zuzenduta.
- Puto Krio contra la vida moderna (10 min). Jorge Rierak zuzenduta.
- Venga monjas: Amour (6,3 min). Ernesto Sevillak zuzenduta.
- Nosotros que nos queremos tanto (9min). Iñaki Reynak zuzenduta.
- Villanos digitales (3min). David Sainzek zuzenduta.
- Magia (6min). Pablo Hernandok zuzenduta.
- Por eso no tengo hermanos (12min). Paco Caverok zuzenduta.
- Ñeñeñe (3 min). Manuel Bartualek zuzenduta.
- Como su padre (5 min). Toni Lopez Bautistak zuzenduta.
- Cuento infantil para adultos. Borja Crespok zuzenduta.
- El Orador. Ramon Gomez de la Sernaren bakarrizketa.
- Extraños sucesos en el cielo. Alver Palomerak zuzenduta.