306 saltoki urriko plaza handian
https://www.youtube.com/watch?v=dIij-M2K2To
Hogeita hamabosgarren urtez egingo dute Gernika-Lumoko nekazal azoka, eta hamar daramatza BBK-k udalarekin batera azoka antolatzen. Erakunde horretako ordezkari Alberto Madariagak azaldu duenez, lehenengo sektoreari laguntzea da BBK-ren oinarrietako bat, eta ildo horri jarraituta laguntzen dute, baita, Urriko Azken Asteleheneko feria. “Konpromiso bat daukagu, produkzio ereduak baliabide naturalekin eta ingurumenarekin jasangarriak izan daitezen”.
Bertokoari lagundu
Bizkaiko baserriek eta bertoko ustiapen txikiek laguntza behar dutela esan zuen Madariagak Urriko Azken Astelehenaren aurkezpen agerraldian. “Beste leku batzuetatik, atzerritik, heltzen diren produkzio ereduekin konpetitzea zaila egiten zaie bertoko baserritarrei”.
Izan ere, Madariagak azaldu duenez, berton produzitzearen kostuak handiagoak dira: “Produktu onak, naturalak eta besteengandik desberdinduko gaituztenak ekoiztea garestiagoa da; eta gure helburua da produktu horiek zuzenean baserritik plazara hel daitezela. Kontsumitzaileak produktua zuzenean erosteko aukera izan dezala”.
09:00etan hasiko da azoka
Hamarkada bat egin du BBK-k urriko Azken Asteleheneko azokaren babesle gisa, eta hurrengo urteetarako ere bere laguntza eskaini dio Gernika-Lumoko Udalari. Gaztagile, gozogile, okin, eztigile, eta, orokorrean baserritarrentzako urteko plazarik garrantzitsuenetakoa da Urriko Azken Astelehenekoa.
09:00etan irekiko dituzte salmenta postuak, eta lehiaketara aurkezten direnen produktuak aztertzen hasiko dira epaimahaikoak. 13:30ean egingo dute sari banaketa, Andoni Egaña, Sebastian Lizaso eta Sustrai Colinaren bertso saioa amaitu ostean.
Gaztaren enkantea
Barazki, fruta, lora, txakolin, ezti eta gaztarik onenak sarituko dituzte asteleheneko azokan. Bigarren saria hartuko duen gazta erdia eta irabazlearen gazta erdia, gainera, enkantera eroango dituzte, urtero legez.
Jose Antonio Basegietak Marko gidatuta, gazta irabazlea 6.700 euroan erosi zuen iaz Mendata Berria jatetxeak. Markarik ez zuten hautsi, eta, aurten Ordiziako Gazta txapelketan ordaindutako kopurura heltzea ere zaila izango da. Izan ere, Segurako Karmele Murua irabazlearen gazta erdiagatik 13.050 euro ordaindu ditu aurten Idiazabalgo AMPO kooperatibak.