
Kataluniarrek bere etorkizuna erabaki nahi arren, Espainiako Estatuak trabatu egin die galdeketa egiteko bidea; dena den, azaroaren 9an herritarrei independentziaren inguruan galdetzeko asmoari eutsi die kataluniarrek. Hala, gagaldeketaren bezperatan eta Eskoziako erreferenduma igarota, euskal herritarrak ere erabakitzeko eskubidea noizbait egikaritzeko lanean ari direla adieraziko dute azaroaren 8an Donostiako Zurriola hondartzan egingo duten mosaiko erraldoian.
Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdetik bertaratzeko deia luzatu dute, eta dagoeneko, txartelak saltzeko zenbait egun eta leku jarri dituzte.
Gure Esku Dago erabakitzeko eskubidearen aldeko ekimenak antolatu du Donostiako mosaikoa, eta bere helburua 5000 lagun elkartzea dela adierazi du.
Hain zuzen, bertaratzen diren herritarrek Kataluniako eta Eskoziako ikurrinak osatuko dituzte pontxo urdin, zuri, hori eta gorriekin. Hori eginda, gainera, aterkin zuriak irekiko dituzte kataluniarrek eta eskoziarrek egin duten ahaleginari babesa erakusteko. Gure Esku Dagok azaldu legez, aterki beltzak ireki eta hautestontzi erraldoia osatuko dute horren segidan, «Euskal Herriarentzat ere erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko».
Txartelak, salgai
Hala, mosaiko erraldoi horretan parte hartu nahi dutenek txartela erosi beharko dute. Bermeon, esaterako, Goiko Plazako BBK lokala izandakoan erosi ahalko dituzte urriaren 27tik azaroaren 8ra bitartean. Leku berean, gainera, autobuserako izena emateko aukera izango dute. Horretarako, astelehenetik barikura, 18:00etatik 20:00etara egongo dira GEDko kideak bertan.
Busturian ere bihar izango dute txartelak erosteko aukera, ekitaldiaren aurkezpena egingo baitute Altamirako Kultur Etxean 19:30ean hasita.
Gernika-Lumon ere, datorren astetik aurrera jarriko dituzte salgai txartelak. Horrez gain, Donostira joateko autobusa ere jarriko dutela aurreratu dute.